Aritz Sorzabal: 'Txikikeriak'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Hainbat herritar asteburuan eguraldi ona edo txarra egingo duen pentsatzen ari diren bitartean, inauterietan zein mozorro jantzi ez dakitenak kezkatuta dauden honetan, funtzionarioak eta funtzionarioak ez diren asko Gabonetako aparteko ordainsaririk gabe geratzeagatik haserre direnean, buruhauste horiek guztiak txiki geratzen dira zenbaiten bizipenak ezagututa; Ekaitz Ibero donostiarrari bizitzak ekarri diona, tartean.
Hain zuzen ere, 25 urteko gazte independentista espetxeratua izateko atarian da, kartzelara aurkezteko agindua jaso baitu. «Datorren astelehenean, beranduenez, kartzelara aurkezteko agindu didate. Indartsu nago, zalantzarik gabe, motxila pisutxua da, baina, azken finean, bizitzako beste fase batera noa eta burua horretara egin behar dudala badakit. Euskalduna naiz eta euskaldunok badakigu zer dagoen, ezberdinak gara. Baina, egia da, egunak aurrera doazen heinean urduritzen ari naizela. Lau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra dut betetzeko, eta Gorenaren ebazpenaren arabera, agian hamar urte bete beharko ditut barruan», azaldu du donostiarrak Argia webguneko Beste Ni blogean.
Espetxean sartzen dutenean komunikabide espainiarrek albistea emango dute, ez izan zalantzarik; atxilotu ostean tratu txarrak salatu zituenean, ordea, ez zioten berriari tarterik eskaini. «Lau egun inkomunikatuta pasa nituen, oso gogorra izan zen. Torturatu egin ninduten eta une oro gutxiesten ninduten», azaldu du Irati Sarasua kazetariak jasotako testigantzan. Halakoak irakurrita, txikikeriekin baino, hobe genuke benetako arazoekin kezkatzea.


