'Aspertu'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Ez gara orain Amerika deskubritzen hasiko: Bartzelona hau historiako talderik onena da. Nire ustez, egun ez dago Guardiolaren mutilek egiten duten futbola –edo egiten duten dena delako hori– hobetuko duenik. Onenak dira eta kitto. Baina behin hau esan eta gero, ba zer nahi duzue nik esatea, nago jendea nazkatzen hasia dela Bartzelonarekin. Niri, berdinketaren poza gorabehera, oso partida txarra iruditu zitzaidan larunbatekoa. Are, aspertu egin ninduen.
Bartzelonarekin Eva H-ren bakarrizketagileekin gertatzen zaidana gertatzen zait: graziosoak dira, bai, eta pixka bat ondo dago, bai,… baina antzoki batean eginagatik, bakarrizketa bat ez da benetako antzezlan bat, ezta hurrik eman ere. Eta behin hasierako algarak amaituta, nekatu egiten du beti antzeko txisteak entzuteak eta azkenean gogaiturik joaten zara etxera. Joan den larunbateko lehenengo zatia aspaldian ikusi dudan aspergarriena izan zen. Futbolean jokatzeko bi behar dira, baina Bartzelonak ikastolako patioan baloia beretzat bakarrik hartzen duen txulo nazkagarriaren antzera jokatzen du, ezberdintasun soil batekin: ikastolako patioko txuloak ez dio baloia inori pasatzen eta Bartzelonakoek pasetan pasatzen duten eguna. Baina jarrera antzekoa da.
Arestian esan bezala, lehenengo zatiak aspertu ninduen.Ukitu, ukitu, ukitu, eta gola. Eta guk baloia usaindu ere egin gabe. Ukitu, ukitu, ukitu, eta gola. Eta guk baloiari so, astoak azenarioari nola. Hain aspergarria non bigarren zatian beraiek ere aspertu egin ziren beren jokoaz eta, aho zabalka, alde egin zuten zelaitik. Ez nau harritzen.
Orduan ohartu ginen -bikain presioan Illarra eta Griezmann- han zegoela baloia, umezurtz, eta guretzat ere bazela. Eta ohartu ginen arerioak zorabiaturik zeudela, asperraldiaren eraginez-edo bat-bateko tentsio jaitsiera bat izan balute bezala.
Bitan harrapatu genituen lo eta ez zen hirugarrenik izan Alak hala nahi izan ez zuelako. Lastima!
Zorionez, datorren ikasturtera arte ez dugu patioko txuloa hemendik ikusiko…

