
Pasa den astean autobusean nihoan eta tipo bat telefonoz: “Jo! eske Donostin ez da ezer egoten!”. Nik, hori entzun, eta ez nekien zer letxe egin… Baina esaldi hori buruan sartuta eman nuen denbora luzez, eta esan nuen: “Noski! Tipo horrek hori esan du, sinistuta dagoelako horrela dela, eta zergatik?”.
Ez al da Donosti hirian astero dozenaka ekimen kultural egiten? Kontzertuak, antzerkia, hitzaldiak, zinema, erakusketak… Batetik, udaletik edo udalaren bideetatik antolatutakoak daude; eta bestetik, hainbat eta hainbat taberna eta leku underground-etan egiten direnak: Azken hauek, ordea, diferentzia handi bat dute. Taberna, areto, eta gaztetxei animoak besterik ezin dizkiet eman. Zergatik? Gehienetan beraiek egindako inbertsioak izaten direlako. Hiriari bizia eman nahi diote, eta ateratzen duten etekin ekonomiko apur hori, gehienetan beste zerbait antolatzeko erabiltzen dute. Eta alternatiba oso ona izaten da artista askorentzat, hauek ohiko programazioan sartzerik ez dutelako.
Hortaz, udalaz hitz egingo dut. Nik uste dut Donostian, aspalditik beti arazo berdina egon dela udalak gidatutako kulturaren inguruan. Gehienetan, hiritarroi, inposatutako kultura bat ipintzen digute, jatetxe bateko menu bat bezela, eta hori kontsumitzeko eskatzen digute, benetan zer nolako interesa dugun galdetu gabe, edo Donostian dauden dozenaka artistei beren proiektuez galdetu gabe. Horrek azken finean, jendeak kulturan interesa galtzea dakar.
Arrazoi asko daude. Jendea ez bada bere hiriko kultura horren parte sentitzen, ez du aretoetan egiten den kultura ulertzen, ezta ulertu nahi ere. Hezkuntzarik jaso ez duenez kulturak ekartzen dituen onuretaz, ez da kulturak sortzen dituen sentsazio eta sentimenduetaz jabetzen. Jendea kulturara hurbil dadila, eta horretan lan egin dezagun!
Donostiako areto ezagunetara eramaten diren milaka euroko ikuskizunekin konparatuz, leku alternatiboetan egiten den kulturak, jende gehiago erakartzen du batzutan. Leku horietan jendeak kulturarekiko interesa bizi duelako, batzuk antolatzaileak direlako, besteak leku horretako proiektuarekin ados daudelako eta besteak zer eskeiniko den informazioa jaso duelako, eta zertaz doan badakielako. Hortan lan egin dezagun!
Jendeak eskaintzen den kulturaz hainbat aurreiritzi ditu. Adibidez: “Jo! oso garestia da (preziorik jakin gabe ere). Beste bat: Jo! ez dut ezagutzen, ez dakit zertaz doan, rollo bat izango da”.
Ba kulturaren diru guztia, forma errepikatuan eta era berdinean gastatu baino lehen -urtero bezela-, azter dezagun zein formulek funtzionatzen duten, eta horiek berrerabili. Urtean zehar antolatzen diren ekitaldi kultural guzti horietako % 20arekin edo gutxiagorekin, kristoren egitarau kultural eta parte hartzaileago bat egin liteke Donostian, jende gehiago hurbilduz ekitaldi guztietara, bai antzoki handikoetara eta baita auzo bateko taberna batean egiten direnetara ere.
Kultur emanaldi horiek edozein lekutan egiten direla ere, jendeak ezagutzen baditu, gero ez dio axola izango taberna batean, Dokan edo Kursalean ikustea ikuskizun bat.
Eta Donostiako kulturaren barruan dirua erabiliaz ere, ekartzen diren ekitaldiak nolakoak diren jendeari erakutsiz, informatuz -sare sozialak, bideoak…- eta garrantzitsuena, hiritarrei galdetuz eta hirian egiten denaren informazioa edukiz.
Azken hilabetean hainbat kultur emanalditara joan naiz Donostian. Eta ez dut ikuskizunen izenik emango. Baten bat jendez beteta egon zen, Napoka Iriaren kontzertua eta Ramon Agirre eta Inaxio Tolosaren Kokakola eta barea antzerkia, kasu, zorionak! Baina beste asko,-antzerkia eta musikan oinarrituko naiz- ikusle gutxirekin edo oso gutxirekin, egon dira, milaka euro gastatuz gainera.
Ez al litzateke hobe kultura elkarlanean antolatzea auzoetako eragile desberdinekin – beste herri batzutan egiten duten kasuan, eta gutxitan Donostian egiten den bezela-eragileek ekintza kultural hori bere egin dezaten, eta jendea ekitaldira joateko bultza dezaten, eta hiriko Donostia kultura mundu hori, herritarrekin batera elkarlanean has dadin.
Hortaz, aste bukaera honetan dauden askotariko kultur ekitaldiei bistazo bat eman eta animatu!