Aukera berri bat Zaraguetatarrentzat
Aste honetan prentsan ikusi dugunez Atari hotelak bere egungo kokalekua utzi beharko du, epaileek hala erabakita. Antza, Gastroleku ostalari talde boteretsuak 280.000 euroko zorra du eraikinaren jabe diren Blanca eta Consuelo Zaraguetarekin. Albiste deigarria, noski. Donostiako turistifikazioan, kaleak terraza bilakatzean eta eliteentzako zerbitzu gisa erreferentzia bat da Atari. Parte Zaharreko hotel berrienetakoa da, donostiar familia ezagun eta ohoratu baten jabetza.
Era berean, hotel horren eraikuntzarako bizilagunen kanporatzea behar izan zen. Batzuk poliki, beste batzuk xantaiez, kanporatzen joan ziren. Azken kanporatuak Hotel+ Ez kolektiboko kideak ginen, bertako etxebizitza bat okupatuta urte pare batez bertan bizi izan ginenak.
Dudarik gabe, albistea nahiko sonatua izango da Parte Zaharreko bizilagunen, bertan ekipamenduak eskatzen dabiltzan elkarteen eta “Gastroteken” kalteen artean bizi direnen artean.
Gogoan ditut kaleratze horren aurretik, ostegunero, Santa Maria elizan egiten ziren elkarretaratzeen harira, Arriola eta Nerecan enpresariek epaitegietara jo zutela, kriminalizazio bila. Eta gogoan hartu nahi ditut gaur, bereziki, eraikinaren jabeetako batek bilera batean okupatzaileei esandakoak. Alde batetik, ez zegoela bertan hotel bat egitea kaltegarria izango zenaren inongo frogarik, eta, bestetik, “ahal zuena” egiten zuela, “naizenarekin, daukadanarekin eta nire pentsamenduekin orekak” egiten omen zituen.
Lehenari buruz, ba ote da oraindik inor hirian turismoak arazoa dakarrela ikusten ez duenik? 2016ko kultur hiriburutza iragarki turistikoa zela salatu zenean, kritikoak bakearen aurkako ezker muturrekoak ginela zioten. Pisu turistikoen orokortzearekin, jabe txikiak ez genitzala izorratu. Hotelak zabaltzen zihoazen heinean, kalitatezko turismoa ekarriko omen zutelakoan, ez genezala protesta egin…. Sekula atzera egingo ez duten arren, orain badabiltza ustezko galga eta ustezko konponbideak jartzen. Ez omen dago ikusi nahi ez duena baina itsuagorik, baina eztanda hau hain da nabarmena, non Goia, Insausti eta Itxasoren moduko agintariak ere jabetu diren. Hil eta gero, salda bero.
«Amestu dezakegu Zaragueta ahizpen urrezko aukerarekin: hamar bat etxebizitza sozial egin litezke Kale Nagusia 18n, auzoko gazte zein nagusientzat, etxegabeentzat.. Eta Gastroteka handi horren lekuan, KASek banatzen zituen haina otordu egin litezke»
Ez dakidana da ea Zaraguetatarrak ere jabetu diren. Ahal zutena egiten omen zuten, hemen eta han zabalduaz zein filantropikoak direla. Urteotan, beste proiektu solidarioren bat ere baztertu dutenez, orain aukera ederra dute. Hotel zale hauek huts egin dieten honetan, urrezko aukera dute Parte Zaharraren konponbidean parte hartzeko.
Badago konponbide beharrik… Izan ere, Parte Zaharreko bizitzak espazioa eta indarra galdu ditu urteotan. Pribatizazioak, xake taula batean gisa, aurrera egin du: lehenik, Plaza Berrian jolastea galdu genuen, gero kaian bainatzea, doi-doi egongo ziren haurrak eroso Zuloagan eta Trinitate plazan (azken honetan Jazzaldirik edo enparaurik ez bada), eta uda honetan hondartzara bidea ere itxi digute, Klub Nautiko elitistakoek. Eta berreskuratu ditugunean, egurra. Isundu eta kolpez kanporatu izan gaituzte kaleetatik, arrapalatk, gaztetxeetatik, Birunda zein Guardetxetik (bertan eusten dioten arren, auzoa borrokatuz). Zer esanik ez, postala “garbitu” nahi izan da. Horretarako, pobreei eta afaltzen ematen dietenak, zein aldarrikapen guztiak, ezabatu nahi dituzte.
Egoera horretan, amestu dezakegu Zaragueta ahizpen urrezko aukerarekin: hamar bat etxebizitza sozial egin litezke Kale Nagusia 18n, auzoko gazte zein nagusientzat, etxegabeentzat.. Eta Gastroteka handi horren lekuan, KASek banatzen zituen haina otordu egin litezke, edo auzoko elkarte batzuentzat lokalak, edo haurtxoko edo gazte gune bat… Seguru esfortzu horretan auzoak hainbeste kezkatzen duen alkate jaunaren laguntza luketela, hauek guztiak desiragarriak baina “ezinezkoak” baitira honentzat.
Ametsetik esnatuta, ordea, ez naiz baikor: etxebizitzaz negozio, auzoez postal, arrantzaz museo eta edozerez etekin egitea baita, jabe, ostalari, eta alkateen joera. Antolatu eta aurre egiten ez badiegu, bederen.

