Auskalo Astialdi Taldea lokalik gabe
Antiguako auzoa bere lokal esanguratsuenetariko bat gabe geratuko da irailetik aurrera. Urte luzez, 60 inguru, auzoko identitate eta historiaren parte izan da lokala, bertan egin baitira ondorengo jarduerak: zinema, garai bateko asanbladak, astialdi taldea, katekesia edo AEK-ko euskaltegia, besteak beste.
Orain, Antiguako parrokiak duen arazo ekonomikoari aurre egiteko asmoz, Elizak lokala alokairuan jarriko du. Erabakia Gotzaindegiarena da eta ez digu alternatibarik proposatu. Guri ulertezina iruditzen zaigu elizak bizkarra ematea bertan betidanik landu izan ditugun balioei (errespetua, aniztasuna, elkartasuna…).
Lokal honetan sortu zen Auskalo, 1990. urtean. Antiguako gazte kuadrilla baten eskutik, inguruko gazteen aisialdiari ekarpena egin nahian. Garai hartan, Elizarekin lotura zuen, baina aurrerago, taldeko estatutuak aldatu egin ziren, erlijioarekin loturarik ez izateko. Geroztik, 2012. urtetik, aisialdi talde eta auzoko eragile gisa funtzionatzen dugu.
Auskalo ez da soilik gazteentzat jarduerak dinamizatzen dituen talde bat. Gazteen arteko konexioak bilatzen ditu eta, zorionez, lortu egiten dira
Auskalo ez da soilik gazteentzat jarduerak dinamizatzen dituen talde bat. Gazteen arteko konexioak bilatzen ditu eta, zorionez, lortu egiten dira. Eskaintzen dugun aisialdi formatuak asko errazten du gazteen arteko interakzioa eta elkar ezagutza. Finean, harreman oso polit eta bereziak sortzen dira, beste edonon sortzen ez direnak. Egunerokotasuneko pantailetatik eta indibidualtasunetik ateratzen den aisialdia eskaintzen diegu gazteei eta kritikotasuna garatzen laguntzen diegu. Hori guztia, era boluntarioan, belaunaldiz belaunaldi eta gazteetatik gazteetara doan hezkuntza proiektu bat garelako.
Auzoko eragile gisa, eta egoera hau izanik, udalera jo dugu, iraila baino lehen beste lokalen bat lortzeko helburuarekin. Begiraleoi behar-beharrezkoa iruditzen zaigu erakunde publikoek gure egoerari erantzun bat ematea.
Gure taldeak izan duen 34 urteko historia guztiarengatik, auzoan proiektu oso maitatua bihurtu da Auskalo. Aurreko astean, sinadura bilketa bat jarri genuen martxan eta aste batean 2.600 sinadura inguru jaso ditugu. Begirale taldea oso eskertuta eta hunkituta gaude jaso dugun babesagatik. Honek aurrera jarraitzeko indarra ematen digu, baina ezin dugu ezkutatu oraintxe bertan gure proiektua zalantzaz beteriko etorkizun larri baten aurrean dagoela eta alternatiba bat lehenbailehen behar dugula.