Auzo guztietan, zergatik ez?
Mundua aldatu nahi dugunok garai nahasiak bizi ditugu. Bertan behera erori zaizkigu XX. mendeko errelato handiak, helburu politikoak zehaztu eta horietara iristeko igaro beharreko faseak aurreikusten zizkigutenak.
Errelato handiak erortzearekin batera, militatzeko moduak ere krisian sartu dira. Errelato horiek ematen zituzten “ziurtasunetara” ohitutako militantea, dinamika propioak sortu beharrean, mugimenduko buruzagiek pentsatutakoa betetzera ohituegia zegoen militantea izan da. Orain, agindurik gabe edo agindu sinesgarririk gabe iparra galduta dabil.
Militatzeko eskaintzen diren modu edo marko zaharkituekin jende asko, jada, ez da identifikatzen. Horren aurrean hiru aukera daude: etxean gelditu, agortutako markoetan jarraituz Miguel Benasayag filosofoak ederki deskribatzen duen “militante tristea” bihurtu edo jendartean eragiteko modu berriak sortu. Hirugarren aukera horren alde eginda sortu genuen Zergatik Ez? mugimendua Antigua auzoan. Zeuden militatzeko egiturek asetu ez eta Do it yourself maximari jarraituz, gure neurrira egokitutako zerbait sortu genuen.
Zergatik Ez? pedagogia independentista deritzoguna egiteko sortu genuen; hau da, ekintza diferenteen bidez eta auzoan eragiten diguten arazo eta interes konkretuetatik abiatuz, Euskal Herriko errepublikaren beharra auzotarrengan zabaltzeko asmoz. Lan ugari egin dugu pentsioen inguruan, hezkuntza komunitatearen inguruan, desobedientziaren inguruan, errepublikaren aldeko egunak, hitzaldiak, eztabaidak… orain migrazioen gaiari eutsi nahi izan diogu.
Munduko leku askotatik etorri zaigu jendea gure auzoetara. Gehienetan erabateko behin-behinekotasunean bizi den jendea da, besteokin konparatuz eskubideak murriztuta dituzte, papeleo burokratikoetan itota daude, lan baldintza eskasenak dituzte… Bizi garen jendarteak migratzaile edo errefuxiatu kategoriekin klasifikatzen ditu, modu horretara herritartasuna eta bertakotasuna ukatzeko. Guk euskalerritarrak direla aldarrikatu nahi izan dugu. Independentismoak, unionismoak ez bezala, karitatearen logikatik nahi baino gehiago duen Refugees Welcome baino zerbait gehiago eskaini dezakeela uste dugu: herritartasuna. Gehiengo independentista sortzeko ezinbesteko urratsa. Ostegunean gai horretaz aritzeko mahainguru interesgarria egin genuen Txantxarreka gaztetxean.
Bukatzeko, pedagogia independentistaren logikapean, Donostiako gainontzeko auzoei ere, antolatu eta zuen agenda eta erritmoarekin martxan jartzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Zergatik ez?