Auzoan, gerundioz
Antiguako jaietako poteo elegantean ikusi nituen aurreko astean nire lagunak, txikitatik elkarren eskutik bidean aurrera egiten duzun lagun horietakoak. Zuzenean lanetik nentorrenez etxean geratu ziren nire jantzi dotoreak —berdin du, trapu vintage-ak, lumak eta brilli brilli-ak gainean daramazkit nik—.
Bidean aurrera egitea eta aldatzearen beharra izan dira azkeneko denboraldian lagunekin partekatu ditudan pentsamenduak. Mugimendua eta transformazioa. «Caminando, que es gerundio», esango luke Luberrin gure gaztetako irakaslea izan zen Marijok. Ezer ez baita estankoa, eta Antiguako jaietan gertatzen direnak urterik urte ez dira berdinak, ez baikara izaten ginenak.
Baina, bai antzekoak: Matia kalean, Jose Maria Sert plazan eta heldu egiten ikusi gaituzten kaleetan eta tabernetan nahastu ginen auzotarrok. Baita frontoi berrituan ere. Zenbat oroitzapen bertan eta gure txosna gune ñimiñoan.
Poteoaren bitartean, bizitza oso azkar pasatzen dela esan ziguten gure bizilagun vintage-ek. Hala, bizitza bakarra denez, kontzientzia osoz gozatzeko gomendatzen ziguten, tragoak, elektro txaranga eta gazteen algarak inguruan zeudelarik.
«Nik ez dakidanez behin hilda, beste noizbait begiak irekiko ditudan, badaezpada ere, maitasun handiz begiratzen ditut nire lagunak»
Egia bada bizitzako 30 urte hauek azkar batean pasatu zaizkidala. Atzera begiratu, eta gogoan ditut gure lehenengo poteo eleganteak: amari eta aitari lapurtzen genizkien amonaren eta aitonaren soineko, perlazko bitxiak eta berokiak, txosnetako txanda bat, janzkera fantastiko honekin, performance batean bihurtuz.
Nik ez dakidanez behin hilda beste noizbait begiak irekiko ditudan, badaezpada ere, maitasun handiz begiratzen ditut nire lagunak. Momentu batzuetan, hitz egiten duten bitartean, begira gelditzen naiz, isilik, melankolia zerbezarekin tragatuz.
Biharko bazkari herrikoian ehunka aurpegi ezagun ikusiko ditugu. Gogoan izan, bidea elkarrekin egin dugula. Egin dezagun topa; azken finean, gaurko bizipenak biharko melankolia bihurtuko dira. Aprobetxatu ditzagun urteroko planak etorkizuneko oroitzapen berriak sortzeko.
ABISUA: Poteo elegantean ez bezala, biharkoan brilli brilli-a poltsikoan gordeta eramango dut.