Azkar maite, gaizki maite
Bazen behin eta bat-batean ez zen. Halako zerbait kontatuko lukete haurrei irakurtzen dizkiegun ipuinek harreman azkarren garaian oinarrituta baleude. Laster hasten dugu dena, aurki amaitu ahal izateko-edo. Betirako izango denaren promesak maitemintzen gaitu, gure bihotzak erlazioari iraungitze-data idazten dion bitartean. Konpromiso eza ei da gure ereserkia.
Elkar ezagutu dugun egunean, bi esaldi txorok balio izan dute erdi-lotsaturik lehen musua emateko. Biharko berriz geratu gara, hurrengo pausoa zein den jakinda. Etxera igo nahi? Jakina. Biluzten ari zinela, argi guztiak itzali eta kandelak piztu dituzu. Oh. Nik ere arropak eranzteari ekin diot. Goiz, azkar hasi gara txortan egiten eta txortan azkar egin dugu. Azkarregi. Lehian bagina bezala. Lehenengoa iristean bukatutzat jo dugu, saria helmuga dela sinetsi eta bidaiaz disfrutatzea ahaztuta. Bizkor hasitakoaz segituan nekatu gara.
Agian lo egitera geratzea nahi duzu. Ni, badaezpada, banoa. Ze arraio! Gera naiteke? Ados. Maindireen azpian sartu eta zure bularrera itsatsita hartu dut lo. Bost minutura elkarri bizkarra ematen ari gara. Ez dut argi ni izan naizen buelta ematen lehena ala azkena. Esnatzean ez dugu aurreko gaua gogoratuko. Deituko zaitut, baina ez dut egingo.
Zorionak gutxi iraun du. Pena da… Ez, eskerrak! Azkar hasi ginen, berehala aspertu. Agudo sartu zinen nire bizitzan eta agudo utzi dizut joaten. Izan ez bagina bezala desagertu zara. Ziztu bizian lotu, derrepentean lokarri ikusezin hori askatu. Hain azkar maitatzen saiatu gara non ez dugun bestea benetan ezagutzeko unerik hartu. Hamaika aldiz oheratu naiz zurekin, baina ez didazu nor zaren deskubritzen utzi. Jadanik ez dut zure aurpegia gogoan. Bai, ordea, lepoan duzun orbaina. Begira, zuk nitaz ez dakizu ezer.
Behin bazena jadanik ez da, ezta arrastorik ere. Arin-arinka egin duzu ospa. Edo ni ote ihes egin duena? Ez naiz seguru hala bazan ala ez bazan, baina akaso maratoi behar zuen horretan esprinta bota dugu. Hitz bakar batek supituki hautsi du ustezko lotura. Helmugara goiz ailegatu gara. Harreman azkarren legepean, betekada izan arte irentsi dugu gurea.
Presaka bizi gara, presaka maite dugu. Asko, baina ez aski; lasai baino, gaizki.