Babes emozionala, sustatu beharreko baliabidea
Asko laburtuz, gizarte-babesak —babes emozionalaren ikuspegitik— pertsonen ongizatean duen eragina azpimarratu nahi dut. Kasu honetan, batez ere zahartzaroaren etapari buruz ari naiz hitz egiten. Bizitzaren une horretan atxikimendua/lotura aldagaia ere hartu behar dugu kontuan, giza harremanen kalitatearen oinarri gisa ulertuz.
Babes emozionalaren barne dago maitasuna, enpatia, besteenganako kezka eta abar erakustea. Hala, babes emozionalak bakardade sentimendua murrizten duela eta gaixotasunei aurre egiteko jarrera positiboak areagotzen dituela erakusten duen ebidentzia enpirikoa dago. Era berean, osasunaren egoeran eragin, eta oro har, bizitzako gertakari estresagarrien afektua murrizten du. Horrenbestez, ongizate emozionala eta psikologikoa sustatzeko babes faktore garrantzitsua da. Eta zahartzaroarekiko eta zahartzearekiko jarrera positiboagoa erakusten du.
Azterketek erakutsitakoaren arabera, familiaren babesa oso-oso garrantzitsua da babes emozionalerako. Familiaren atzetik, lagunak agertzen dira, bereziki adinekoak krisi garaiak bizi dituenean eta/edo gaixorik dagoenean. Hortaz, esan daiteke adinekoak gero eta babes handiagoa jaso, gero eta arazo emozional gutxiago izango dituela. Giza atxikimenduari dagokionez, hauek dira funtzio nagusi batzuk: babesa, maitasuna, eta atxikimendu figurak eskuragarri izatea, baita atxikimendu-figura moduan osatutako taldeak ere (Bowlby, 1969, 1988).
Horrekin guztiarekin azpimarratu nahi dut profesionalek eta foru erakundeek —gaur egun egoitzetan erantzukizun nagusia dute— egoiliarren eta euren familien eta lagunen arteko erlazioa sustatu behar dutela, hala gerta dadin behar diren bitartekoak ipiniz, bertatik bertarako eta/edo modu telematikoan harremanak izateko, eta, modu horretan, egoiliarren egoera fisikoak eta emozionalak okerrera egin dezan ekiditeko.
Hain zuzen ere, COVID-19aren garai honetan, faktore emozionala funtsezkoa da egoiliarren bizitza babesteko. Atxikimenduari loturik, egoiliarrei babes emozionala eman ahal izateko funtsezkoa da profesionalaren eta egoiliarraren arteko lotura. Hortaz, oso garrantzitsua da pertsonen atxikimendu motak ezagutzea (John Bowlby, Mary Ainsworth) egoiliarren segurtasun emozionala sustatzeko.