Baldin bagara, euskaraz garelako...
Txillardegik berak zioen bezala, euskararen “miraria” ez da menderik mende bizirik irautea, baizik eta, Euskal Herria hain herri txikia izaki, Espainia eta Frantzia artean desagertu ez izana.
Historikoki estatu hauengandik jasandako zapalkuntza, handia eta etengabekoa izan da (Setioa euskarari. Liburu beltzaz harago, J.M Torrealdai), eta mendez mende euskarari eragindako setio horrek bere markak utzi ditu, marka sendoak eta larriak, baina ez iraulezinak. Egia izanik ere, gure lurraldeak denboran zehar espazio ugari galdu dituela, batzuen aurreikuspenak ez dira bete, adibidez, Wilhem Von Humboldt hizkuntzalariarenak. 1801ean halaxe zioen: “Mendea baino lehen euskara desagertua izango da menturaz hizkuntza bizien artetik”. Ondoren, XX. mendean bizitako erasoa eta zentsura oraindik gogorragoa izango zen, adibide bezala, 1936ko irailean gertatutakoa, tropa faxistak Donostian sartu, eta euskal hiztegien erreketa publikoa egin zuten. Euskaldunok ezin dugu gure memoria historikoa ahaztu, transmisio lanari ekin behar diogu, gazteek gure lurraldean gertatutakoaren berri izateaz gain, honetaz kontziente izan behar dira, azken batean, gaur egun bizi ditugun egoerak eta prozesuak ulertzeko ezinbestekoak dira iraganeko erreferentzia horiek gogoratzea.
Konstatazio horretatik abiatuta, euskararen berreskuratze edota normalizazio prozesuak justiziazko eskubide eta behar bati erantzuten diote, alegia euskal herritarrok euskaraz bizitzeko dugun nahia eta eskubidea.
Azken berrogei urteotan, euskarak herritarren artean izan duen atxikimendua eta inplikazioa handia izan da, herri ekimenetik erakunde eta talde ugari sortu dira, eta hauek bideratutako proiektuak kontaezinak izan dira. Administrazioan ere, makina bat lege, plangintza eta arau inplementatu dira. Guk argi dugu, euskararen berreskuratze prozesu honetan, instituzio publikoen ardura konpromisoekin bat egin behar dutela, eta intentsitatean irabazi ezean, ez dugula inoiz aurrera egingo, zer esanik ez euskaltzaleon aktibazioa ematen ez bada.
Eta zer berri gure Donostian? Datu estatistikoek botila erdi hutsa edo erdi betea ikusteko aukera ematen dute; hala ere, «Euskararen Hiriburua» deituriko honetan, euskaraz bizi nahi dugun hiritarrok, kezkatzeko edo egoera iraultzeko motiboak lasai asko aurki ditzakegu: ezagutza oraindik ez da biztanleriaren erdira iristen, eta ondorioz erabileran gora egitea oso zaila egiten da; erabilera, berriz, %15ekoa da eta azken hamarkadan 3 puntu jaitsi da; ikastetxeetatik irteten diren gaztetxoak ez dute euskararen ezagutza bermatuta, eta euskara ikasi nahi duten helduek berriz ordaindu beharra daukate; osasun zerbitzuetan euskaraz artatuak izateko zailtasun ugari izaten ditugu, eta berdin beste erakunde publikoetatik jasotako zerbitzuetan.
Begirada positiboak ere aipatu behar, noski, aurten 2015-2019 Euskararen Plan Orokorrak bere azken «fruituak» emango ditu, eta 2020an Euskaraldiaren II. edizioa izango dugu. Bestetik, aurtengo Korrikan, instituzio publikoen eta gizarte eragileen arteko elkarlana eta konpromisoa berretsi zuten, hizkuntza politika eraginkorrak adosteko, zehazteko eta inplementatzeko.
Gauzak horrela, datorren azaroaren 16an, Donostiako Bagera Elkarteak euskaltzaleon aktiboa bildu eta egoeraren azterketa partekatuz, eztabaidarako aukera eskainiko digute. Aukera paregabea, egoeraz hausnartzeko, eta euskarak behar duen “iraultza” prestatzen joateko.
Euskaraz bizitzeko gogoak bertan batu gaitzala, eta jarraipena eman diezaiogun euskararen “mirariari”.
Juanluis Aranburu, Donostiako Euskarak Batzen