
“Mundua zabala eta ederra da eta zuek zuen berezitasunean tematzen zarete” esaten digute maiz, “zuen hizkuntza txikian itoko zarete” esatera ausartu gabe. Eta halaxe egiten dugu aurrera, normalizatua nahiko genukeen egoera ez normalizatu honetan. Aste bakarrak lotu ditu bi albiste. Hamar urte bete dira, batetik, uniforme berdedunak
Euskaldunon Egunkaria, euskara hutsezko egunkari bakarra, ixten saiatu zirenetik. Eta zenbait alderdik, bestetik, Haur Hezkuntzan gaztelerak presentzia handiagoa eduki behar duela eskatu dute. Euskarari egindako kanpoko erasoa bata, gure konplexuen erakustaldia bestea.
Euskarak egunkari bat behar duela garbi gelditu da azken hogei urteotan. Egunkari batek hizkuntza aldiro berritzen du, espazioak ematen dizkio, iruditeria bat osatzen du. Hiztun batentzat gosaltzen ari dela euskaraz egunkaria irakurtzea, bere hizkuntza erabiltzeko hainbeste oztopo dituen inguru batean ekintza sinple hori euskaraz egin ahal izatea arnasa hartzearen parekoa da. Hain dira gutxi egunean zehar euskara hutsez burutu ditzakegun ekintzak… Horren jakitun ziren Andoaingo atea zigilatu zutenak, baina baita handik egun gutxira Donostiako kaleetan bildu ginenok ere.
Haur Hezkuntzan gazteleraren presentzia txikiegia dela diote orain zenbait alderdik. Berdintasunaren defentsan diote hori, euskararen inposaketaren kontra omen daude, gurasoek hautatzearen alde. Ahaztu egin zaie, nonbait, berdintasuna ez dela erdibana egitea, gehien behar duenari gehiago egitea baizik. Ni ere poztuko nintzateke, benetan, hizkuntza aukeratzea supermerkatuan mermelada hautatzea bezain sinplea balitz. Baina, gure herri honetan, euskara da gutxitua dagoena. Hizkuntzak ez dira lurretik sortzen, baina hau da euskarak ezagutu duen lur bakarra, gainerakoek badituzte gehiago ere. Egia da erabilerak, azken urteotan, ez duela ezagutzaren maila berean gora egiten; egia da hezkuntzak bakarrik ez duela euskara salbatuko, baina hezkuntzarik gabe ezinezkoa da. Inguru hegemonikoak behar ditugu; egunkaria izan liteke bata, eta hezkuntza bestea. Baina erasoen eta konplexuen aurrean, bada garaia denon artean erabakiak hartzeko etorkizunak ere euskaraz irakur dezan.