'Izoztuta'
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Izoztuta daramatzagu egunak, asteak akaso. Errepidera irten, eta autoak nahi ez ditugun bideak hartzen ditu; kristal gandutuek ez digute aurrera begiratzen uzten. Eta zaharrenek behin eta berriro esaten digute: “pasako ote dugu aurtengo negua?”. Eta horrela, martxoan urtuko dira oraingo hotzak; hostoak haziko zaizkie zuhaitzei; loreak jaioko dira lur zurietan; eta berriro ere ahaztu egingo gara eztarrian korapilo bat bezala lotzen zaigun hotz honekin. Hurrengo negua iritsi arte. Izozten dira soldatak, hozten dira poltsikoak eta gandutzen dira begiradak. Ziztadak behar omen ditu Berriak. Elkartasuna Ibaialde ikastolak. Eta biak emango dizkiegu, daukaguna eta amesten duguna zor dizkiegulako. Baina ez dakit ez ote garen neguari hanketako poltsa beroz aurre egiten ari. Elkartasuna eta ziztadak baino zerbait gehiago beharko ditugulako periferiko eta bazterreko bihurtzen gaituen gure herri honetan. Hemen ikastolak herriarenak bai, baina ez baitira publikoak. Hemen Manuel Lasarte ez baita existitzen Whitney Houstonen oinetan negar egiten dutenentzat. Hemen euskal kultura ez baita kultura. Hemen hangoa miretsi eta bertakoaz lotsatzen baikara. Krisiaz hitz egiten da garaiotan. Baina badira diruarena baino krisi sakonagoak barru-barrutik eragiten digutenak. Euskararen alde urrats garrantzitsuak eman dira urteotan, baina ez dakit gure hauskortasunaz benetan kontziente ote garen. Hizkuntza bat desagertzea berreskuratzea baino errazagoa dela ohartzen ote garen. Ba ote dakigun euskararen alde egiten ez dena zeren alde egiten den. Diruz kinka larrian daude zenbait ikastola eta zenbait hedabide, baina arazoa ez da diruarena bakarrik; kokapenean dago problema. Euskarazkoa dena, oraindik ere, ertzekotzat hartzen da; txikitzat; ez ofizialtzat, eta ondorioz, ez estrategikotzat. Eta horrela iristen dira izotzak, hitz hotzak, eta elkarri manta beroak hanketan jarriz neguari aurre egitera kondenatzen gaituzte. Eta biziraungo dugu negu bat, bi ere bai beharbada, hiru ere bai akaso; baina noizbait gandutuko zaizkigu begiak, zulatuko zaizkigu mantak, eta inork ez du berogailua pizten asmatuko. Txillardegik arrazoi zuen. Estatu batekin agian ez, baina estaturik gabe euskara ez da salbatuko.