Beñat Gaztelumendi: 'Politika'
“Ez zaitezte politikan sartu” esaten zigun aitonak umetan, telebistari begira, afaltzen ari zela notiziaren bat arrainaren hezurra bezala eztarrian trabatuta geratzen zitzaionean. Mahaian minutuko isilunea sortzen zen orduan, azken atxiloketaren mina, azken irainaren amorrua edo azken atentatuaren odolezko irudiak irensten genituen bitartean. Hazten eta ahazten joan ginen, ordea, eta galdera-ikurrak ileak bezala jaio zitzaizkigun gorputzeko atal ezezagunenetan. Larunbat iluntzeetan geroz eta gertuago ikusten hasi ginen pilotakadak eta lagun bat baino gehiago eraman ziguten goizalde ilun galduren batean. Ez, ez ginen politikan sartu, guk ere buruz ikasi genuen “politikan ez da ezer politikan” ezagun hori. Baina mugak lausotzen joan dira pixkanaka.
Politikoek hauteskunde kanpaina hasi duten honetan, bitan egin dut zalantza politika noraino heltzen den. “Gazta zati bat” dokumentalean halaxe dio Anjel Oiarbidek, Nazioen Mundua ekimena zergatik sortu zuten galdetuta: “autodeterminazio eskubideak gauza inportanteegia da politikoen esku bakarrik uzteko”. Politika ez baita botere-borroka bakarrik, politika ez baita hauteskunde ondorengo pastel koloretsua bakarrik. Kalean dendari erdaldunari lehenengo hitza euskaraz edo gazteleraz egin, erabaki politikoa da, eta baita Donostia erdigunera autoan edo autobusean joan erabakitzea ere. Zaborra etxean poltsa bakarrean edo gaika sailkatzea ere erabaki politiko bilakatu da. Politika gizartea antolatzea baita, eta bi modutan antolatzen da aldi berean: lau urtean behingo hauteskundeetan itxuratutako erabaki-guneetatik eta herritarron eguneroko ekintzetatik. “Goikoek” eragiten digute, bai, baina baita guk haiei ere.
Aste honetako bigarren kolpea Ramon Agirrek eman dit, Berrian igandean egin zioten elkarrizketan. Kazetariak galdetzen dio, bere konpromiso politikoa dela eta, noizbait entzungo zuela politika eta kultura ez direla nahasi behar. “Bai, eta kirola eta politika, eta hizkuntza eta politika… eta zer ez da politika? Esan diezadatela zerbait politika ez dena”. Himnoei txistu egitea politika baita, baina baita txistuak eragitea ere; errege bati kopa bat antolatzea politika da, eta erregerik gabeko herri bat eraikitzea ere bai. Alderdikeria politika ote den da nire zalantza.

