Berriro ikusi nahiko nuke Donostia film batean
Donostia pelikula batean ikusi nuen lehen aldiz 27 horas-en. Maribel Verdu gazte-gazte bat uhartean hiltzen zen heroina gaindosi batengatik. Jonek, Montxo Armendariz eta Elias Kerejetak idatzitako pertsonaiak, berdin bukatuko zuen ordu batzuk beranduago. Goizeko hamarretan. Pelikula hasi eta 81 minutu geroago. Bere bizitzako azken eguna hasi eta 27 ordu geroago. Zinearen liluragarriena da denbora. 27 ordu 81 minutuan eta betirako 80ko hamarkadako Donostia grisa. Javier Agirresarobe argazki zuzendariaren gris itogarria. Uharteaz gain, kaia, Parte Zaharra, Zabaleta kalea, Zurriolako zubia eta Konstituzio plaza. Jon, Maite eta Patxi. Donostiako hiru gazte eta garai horren erretratua. Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 1986ko Zinemaldian.
Eta, 27 ordu horiek eta gero, zer?
27 ordu horiek eta gero amaierarik gabeko pelikula hasi zen. HIESa. Inork ezagutzen eta espero ez zuen birusaren agerpena. Ordurako heroinarik kontsumitzen ez zutenak ere akabatzen zituena. Donostiako kaleetatik gazte asko desagertu ziren eta zeru grisak hitzak eta guzti ito zituen. Isiltasuna. Beldurra. Lotsa. Informazio ezak eragindako izua eta gertukoen nahigabea. Estigma.
Donostian HIESa ikaragarria izan zen. Ez bakarrik gazte askori heriotza motel eta mingarria eragin zielako, baita heroinaren adikzioaren historia atzean zeukalako ere. Jende askori min eman zioten borondaterik gabe eta helburu bakartzat hurrengo dosia zeukaten munstro bilakatutako anaia, alaba eta lagun maiteek. Eta anaia, alaba eta lagun maiteei heriotzak denbora lapurtuz ukatu zien konponbide bat aurkitzeko aukera. Hortxe gelditu ziren burutu gabeko elkarrizketak. Esan gabeko hitzak. Hain traumatikoa izan zen 27. ordutik aurrera gertatu zena Donostiako isildutako kontakizun bat dela. Historiatik ezabatutako urteak.
Zinearen liluragarriena denbora da, ez bakarrik 27 ordu 81 minutu bihur ditzakeelako, baita ezabatutako urteak berreskuratzeko gai delako ere.
Berriro ikusi nahi nuke Donostia film batean.