Berritu, aurrera egiteko
Kazetaritza etengabeko eraldaketa prozesu batean dagoen moduan, eraldaketa eta hausnarketa prozesu etengabe batean murgilduta bizi gara IRUTXULOKO HITZAn, beti helburu berarekin: gure komunitateari gero eta eduki eta produktu landuagoak, txukunagoak eta, azken finean, hobeak eskaintzea. Bide horretatik dihardugu, aurrera egiteko.
Hiriko errealitateak zein auzoetakoak kontatzea, txikien handitasunean fokua jartzea, bizi dugun garaiaren kronika herritarren ikuspegitik egitea eta kontatu ez diguten historia azaleratzea da gure egitekoa, eta horretan dihardugu. Horrek guztiak ulerterraza, irakurterraza eta erakargarria behar du izan, hori baita komunitatea handitzeko eta hiriko eztabaidetan eta egunerokoan eragiteko bidea; aurrera egiteko bidea.
Horregatik, webgunea berritu eta garbiagoa eta irakurterrazagoa egin genuen duela hilabete batzuk, eta astekaria berritu dugu orain. Tipografiak, orrialdeen diseinuak eta zenbait atalen estiloak aldatu ditugu, astekaria hankaz gora jarri gabe, baina azalberrituz. Aldaketa estetikoak dira, baina aurrera egiteko balio digutenak.
Etxe honek orain arte bizitako mila aldaketen eta berritasunen artean, azkenak dira honakoak, baina baita etorriko direnen lehenengoak ere
Estetikoak ez dira, ordea, berritasun bakarrak, eraldaketa aprobetxatu baitugu eskaintzen ari garen edukien inguruan ere hausnartzeko. Horren lehenengo fruitua da, ohiko sinadurez gain, lau sinadura berri hauek aurkituko dituzuela iritzi atalean: Andrea Bosch kazetariarena, Haizea Garay historialariarena, Aitzpea Leizaola antropologoarena eta Kay Subijana filosofoarena. Euren luma finek IRUTXULOKO HITZA aberastuko dute, aurrera egiten jarraitzeko.
Egiten ari garena 1991n Irutxulo aldizkariak abiatutako bidearen jarraipena da, eta etxe honek orain arte bizitako mila aldaketen eta berritasunen artean, azkenak dira honakoak, baina baita etorriko direnen lehenengoak ere. Izan ere, eraldaketa eta hausnarketa dira aurrera egiteko bideak, eta hortik jarraituko dugu, zuen babesarekin.