Bideak (eta II)
Artikulu honen lehenengo atala bukatu nuen esanez bigarren honetan argituko nuela ea herritar arrunt bat gauza ote den sastrakak hartutako mendi bide bat garbitzeko. Arrunt hitzarekin adierazi nahi dut ezertan nabarmentzen ez den pertsona batez ari naizela. Hau da, nire moduko bat. Ez naiz bereziki sendoa, ez nago mendi lanetan ohituta, baina ez naiz eskasa. Hori bai, saiatua eta nahiko burugogorra.
Nola ebatzi auzia? Ezin hasiko nintzen kalean jendeari galdezka ea lan horretarako euren burua gai ikusten ote zuten. Are gutxiago menditarrei, haiek garbi baitaukate, ordenagailu lanak kenduta, guk, kaletarrok, ez dugula ezertarako balio. Ez zegoen beste aukerarik: neroni bertara joan eta probatu.
Bakarrik baino, lagun batekin jardutea egokiagoa zelakoan, lankide baten bila hasi nintzen, baina ez nuen arrakasta handirik izan. Lau lagunek puntualki lagundu didate, baina ez modu jarraituan. Behin, eta kito.
Bide zikin bat ere behar zen, baina horrekin ez dut batere buruhausterik izan. Aspalditik nuen begiz jota Errenteriako Susperregi jatetxetik Zaria mendira joateko pistatik abiatzen den bidezidorra, Idurieta bordatik Otraitzekora igotzeko hainbatetan erabili izan duguna, eta orain ez pasatzeko markarekin apainduta dagoena.
Bidea sasiz eta oteaz erabat josita zegoen; basurdeek ere lanak izango zituzten handik pasatzeko. Eta sastraka hori menperatzeko, nahikoak izan dira eskuratutako guraize txiki sendoa, kirten luzeko handia, eta zerra txikia. Horietaz gain, ezinbestekoak izan dira eskularru lodiak, kapela eta arropa zaharrak, aipatutako landareak, biak ala biak, arantzadunak direlako.
«Herritar arruntok gai gara zikindutako mendi bideak garbitzeko. Bi lagunentzat, aldiz, lan hori atsegina izatera irits liteke. Hori jakinda, ez al da inor animatuko?»
Lehenengo pasea luzea eta gogorra izan zen. «Ezina ekinez egina» esamoldea praktikan jarrita, astean behin joanda, eta aldiko hiru bat orduz arituta, zazpi asteren buruan lortu nuen helburua. Hura lasaitua!
Ez nekien, baina, zein izango zen landareen erantzuna. Bizpahiru asteko oporraldiaren ostean bertara itzulita, a ze desengainua! Moztutako adarrak birsortzen hasteaz gain, bide ertzean tente utzitako ote landareak bide aldera okertuta zeuden, han aurkitutako espazio libreaz jabetu nahiko balute bezala. Landare osoa bide aldera okertuta, alajaina! Eta, jakina, bidea berriro itxita.
Bigarren pasea zerrarena izan zen. Landareen okerduraz baliatuz, zerraz ote landareen zuztar nagusiak moztu, eta landare osoak alboko sastrakaren gainera bota. Lan errazagoa adarrak banan-banan mozten ibiltzea baino.
Hirugarren eta laugarren paseak samurragoak izan dira. Adar bat moztu hemen, beste bat hor… Jolas antzeko bat. Horrenbestez, bidea garbitutzat jo dut, handik arazorik gabe ibil daitekeelako.
Orain, mantentze edo euste aroa hasiko da. Hilean behin joanda nahikoa ez bada, lagun batentzako lan gehitxo dela ondorioztatuko dut. Horretan gakoa inguruko mendizaleen jokabidea izango da. Oparia estimatuta bide horretatik maiz ibiltzen hasten badira, euste lan handirik ez da beharko. Baina hala ez bada, zer zentzu dauka erabiliko ez den bide bat garbi mantentzen tematzeak?
Nolanahi ere, hasierako zalantza uxatuta, lasai asko esan daiteke herritar arruntok gai garela zikindutako mendi bideak garbitzeko. Froga hor dago, ikusgai. Bakarrik aritzea, ordea, motza da. Bi lagunentzat, aldiz, lan hori atsegina izatera irits liteke. Hori jakinda, ez al da inor animatuko?

