'Bidegorriak korrikalarientzat?'
Kalapie elkarteko presidente Gorka Hoyos eta Mugikortasuneko eta Garraioko zinegotzi Pilar Arana elkartu ditu Berria-k Eztabaida Gela iritzi atalean. Korrikalari talde batek egindako eskaerak eman du hizpidea, eta eztabaida honetako adierazpen batzuk ekarri ditugu Irutxuloko Hitzara.
Gorka Hoyos
“Espazio publikoa era egokian al dago banatua? Espazioa murritza da autoa errege den gizarte honetan; eta pertsonak gara kaltetuak. Egoera horren aurrean irtenbidea garbia da: ibilgailu motordunek kendu ziguten espazioa berreskuratzea. Banaketa horrek berdin jarraitzen duen bitartean, korrikalariek planteaturiko eskakizunaren antzekoak piztuko dira”.
“Oinezko, txirrindulari, korrikalari zein motorrik gabeko ibilgailuen erabiltzaileok taldea osatu beharko genuke geureak diren espazioak berreskuratzeko eta helburu horren alde borrokatzeko”.
“Kontxako pasealekua behin oinezkoena izan zen; ibilgailu motorduna agertu eta jabe bihurtu zen arte. Duela hamabost urte, zati bat berreskuratzea lortu genuen; zergatik ez dugu berreskuratuko beste zati bat? Zergatik ez osoa?”
Pilar Arana
“Ez da ahaztu behar ezen, bidegorriak bi talde horiek —lasterkariek eta txirrindulariek— erabiltzea baimenduko balitz, arrisku egoerak sortuko liratekeela”.
“Bidegorria txirrindularien zirkulazioa bakarrik jasotzeko dago diseinatuta. Alde horretatik, gogoan izan beharrekoa da lasterkariek toki sorta zabalagoa dutela aukeran, beren kirol gogokoenean aritzeko, txirrindulariek hirian zehar ibiltzeko dutena baino”.
“Gune publikoan erabiltzaile guztiak egoki hartzea bilatzen dugu, guztien arteko bizikidetza albait hoberena izan dadin. Horrexegatik ezarri dira arau batzuk, dagozkion ordenantzan jasoak, guztien ona lortu nahirik”.