'Bipolarrak'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Azken bolada honetan ez dago asmatzerik. Anoetara joaten zara eta jokalariek beroketa ariketak egiten dituzten bitartean zure buruari galdetzen diozu ea zein den gaur zelairatuko den Reala, ea Valentzian bost gol sartzeko gai den Jeckill doktorea izango ote den bertaratuko dena edota Mister Hyde izango ote den, Bigarren Mailako talde baten kontra ezinean aritzeko gai den pertsonaia gaizto hori. Eta kapitainak elkartu eta arbitroarekin batera sakearen zozketa egiten duten bitartean pentsatzen duzu ezen, psikologiaz piperrik ulertu gabe ere, bipolartasunak txarra behar duela izan, zuri behinik behin, ez dizula onik egiten, urduri jartzen zaituela, eta ez zarela sekula ohituko Realaren gaitz kroniko honetara.
Baina futbola zer den! Larunbatean, ez Jeckill ezta Hyde ere, ez bata eta ez bestea, ez gaixo bipolarrik ezta traumadunik ere, ezpada talde serio bat, heldua, akastuna –perfekziorik ez baitago futbolean– baina akatsen jabe, ezintasunak zituena baina, ezintasun horiek gorabehera, zertan ari zen bazekiena.
Gustatu zitzaidan, baiki, Reala. Baita Getafe bera ere, Anoetatik azken bolada honetan pasa den talderik onenetarikoa, Messirik eta Cristianorik gabe ere futbolean ondo jokatzea posible dela frogatu zuena. Agian horrexegatik, bigarren zatiko hogeita hamargarren minutuan, eta partida irabazteko gol bakarra beharko genuela jakin arren, ontzat ematen hasi nintzen berdinketa. Ez zuen ematen mister Hyde agertuko zenik, egia, baina talde serio eta heldu batek jakin behar du garrantzitsua dela ez galtzea irabaztea ezinezkoa denean. Puntu bat ez da asko, baina zero puntu gutxiago da.
Gero Getafek gola sartu zuen. Eta jarraian Carlos Martinezek berdinketa lortu zuen. Eta Anoetatik pozaren pozez atera ginen denok, irabazi izan bagenu bezala, bai, baina irabazi gabe.
Ziurrenik, luzapeneko golek zapore hobea dutelako. Ziurrenik, Jeckill doktorearen edota Mister Hyderen berririk izan ez genuelako.
Edo agian, realzaleok apur bat bipolarrak ere bagarelako.