Bisitaria
Urtezahar gaueko istiluek izan dute ondorioa. Ordutegiak eta arauak ez errespetzeagatik, bere herrira uste baino lehen itzuli behar izan du bisitari frantziar batek. Kasu honetan ML Evenement enpresaren bidez etorri zitzaigun. Antza, Urtezahar gaueko goizeko hiruetan Alderdi Ederren zebilen martxan, eta Udaltzaingoak atxilotzeko agindua eman zuen.
Bueno, agian azken esaldi hori ez da oso egokia. Izan ere, gaztelaniatik itzultzen ari nintzen, hala irakurri bainuen lehen aldiz albistea sare sozialetan. «La guardia municipal ordenó detenerla». Kontuan hartuta «detenerla» horrek noria erraldoiari egiten diola erreferentzia, akaso egokiagoa litzateke «geldiarazteko agindua eman zuen» itzultzea.
Berez, titularrak «La noria de Donostia se va tras ser sancionada por incumplir el horario de Nochevieja» zioenez, erraza zen noria erraldoi hori pertsonatzat irudikatzea, isunak minduta, Frantzia aldera ospa egiten, inoiz ez itzultzeko promesarekin.
Errealitatean gertatukoa zera da, baina: Urtezahar gaueko ordutegitik haratago funtzionatzen aritzeagatik, udalak isuna jarri dio enpresari. Eta beraz, kontratua behar baino lehenago eten du. Beraz, enpresari jarritako zigorra bere noria hartu eta ospa egitea izan da.
Ez dut nik negar handirik egingo horregatik, baina gauza bat bitxia iruditzen zait. Tramankulutzar hori berez donostiarroi zerbitzu emateko jarri bada, enpresari isuna jartzekotan, ez al da hobe dirutan jartzea eta zerbitzua ematen jarraitzea? Bestela, ustez gure mesedetan jarritako noria behar baino lehenago kenduta, ez al dira onuradunak omen ziren herritarrak zigortzen?
Susmoa dut pandemia giroa eta Donostiako ez-festak ikusita, ez ote duten enpresarekin adostu isun gogor baten ordez lehenago joatea eta denok kontent. Horrela, udalak lantzean behin neurri gogorrak hartzen dituelako itxura eman dezake. Ez dadila asko kezkatu gure noria frantziarra. Datorren Donostia-ra berriz etorri nahi badu, badaki beti izango duela non lo egin eta non autoa erdigunean bertan utzi.