Bizi-ibilbide luzeko gizartea
Esperientzia duen gizartea da gurea, heldua eta bizi-ibilbide luzekoa. Izan ere, donostiarren %23k 65 urte baino gehiago dute, eta, azterketa demografikoen arabera, 20 urteren buruan kopuru hori bikoiztu egingo da.
Datu hauek bizi-kalitate handiko hiria garen seinale bat da, eta honek etorkizunari esperantzaz begirarazi beharko liguke; Donostian adinekoen kolektiboa ibilbide, interes, gaitasun, itxaropen eta bizi proiektu ugari dituzten pertsonak osatzen dute, eta aktibo hori garrantzitsua da oso denontzat hobea izan nahi duen hiria eraikitzeko garaian. Hala ere, gehiegitan zahartzea autonomia galtzearekin edo bizi-proiekturik ezarekin lotzen dugu, aniztasun hori eta bere atzean dagoen ekarpen eta aberastasun guztia ahaztuz.
Kontuan izan behar dugu ere zahartasunari buruz dugun kontzeptua aldatzen ari dela, eta bizkor gainera azken urteotan. Adineko belaunaldi berriak beste modu batean egiten diote aurre zahartzeari. Beren jokabide eta eskaera sozialek eraginda, gure kulturan zahartzeaz dugun imajinarioa berritzen ari da: nor eta nolakoak izango dira etorkizuneko adin nagusiko pertsonak gaur egun 65 urteko pertsona bat ez bada zaharra sentitzen? Ikuspuntua aldatu behar dugu, adina jada ez delako, eta gerora ere ez delako izango, elementu homogeneizatzailea.
Badugu Donostian bizi-itxaropenaren hazkundeak, eta, ondorioz, zahartzeak, hiriaren bizitzako eremu guztietan planteatzen dituen erronka eta aukerei begira ari den egitasmoa: Donostia Lagunkoia du izena eta errealitate konplexu eta anitz honi ikuspegi osoko, sistemiko eta partehartzaile batetik aurre egiten dio.
Lau lan ardatz -(1)Espazio Publikoa eta Mugikortasuna, (2)Bizitza Osorako Etxebizitza, (3)Zaintzen Duen Komunitatea, (4)Bizi Ziklo Berria eta Adinaren Kudeaketa- eta adimen kolektikoan oinarritutako lan egiteko modu bat; pertzepzio, ezagutza, bizi-esperientzia eta ikuspuntu ezberdinak dituzten pertsona eta eragileen artean topaketa eta elkarlanerako aukerak sortzen ditu Donostia Lagunkoiak, orainaldiari dagozkion premiei erantzuteko asmoz eta etorkizunera ere begiratuz, datorrenari aurrera hartu eta irtenbideak jartzeko asmoz.
Lagunkoian adinekoak dira, beren partaidetza aktiboarekin, ekimenaren garapenaren, ezarpenaren eta jarraipenaren ardatz nagusia, haren protagonistak bai baina ekimena jendarte osoari irekia dago, bakoitzak duen adinetik haratago. Urteak betetzen ditugun heinean zahartzen goaz, beraz edonork lekua izan dezake ekimen honetan, estandarrak eta aurreiritziak gaindituz. Gazteek zein helduek, denok dugu gure gogoetak eta pentsamenduak adierazteko ardura, bizi-ibilbide luzeko gizartea izatearen desafioa denona delako.
Badugu ezagutza, badugu esperientzia, badugu memoria eta badugu ere errealitate berri honek eskatzen dituen erantzun berriak sortzeko gaitasuna ere. Erronkari aurre egiteko gogoa eta nahia ditugun? Datozen urteetan etorriko zaizkigun erronka eta aukerei elkarrekin aurre egiteko prest gauden?