Igarotako bidearen kronologia bat

Blocus Euskadin: errealitatea ala aitzakia?

Blocus fenomenoa Europako hainbat hiritan agertu den garai berean, kale indarkeria larriko beste pasarte bat bizi izan dugu Bilbon, eta beldurra sortu da egoera hori Gasteizera edo Donostiara ere zabaldu ote daitekeen. Horrek galdera deseroso bat egitera garamatza: azkenaldian Euskadin gertatzen ari dena fenomeno guztiz berria al da? Ala badu nolabaiteko lotura urteetan, beste indarkeria mota batzuk justifikatu dituztenen kulturarekin?

Gertatzen ari den guztiaren errua iraganeko herentzia horri egoztea akatsa litzateke, ziurrenik. Beste garai batean bizi gara, eta badira eragina duten beste faktore batzuk ere, hala nola desinformazioa eta sare sozialen eragina. Baina gertatzen ari denak gure iraganarekin inolako loturarik ez duela pentsatzea ere gauzak gehiegi sinplifikatzea litzateke. Badaude jarraipen posible horri buruz hausnartzeko arrazoiak.

Beste herrialde batzuetan ikusi da gizarte batek indarkeria garai bat behar bezala ulertu eta kritikoki gainditzen ez duenean, urte batzuk geroago berriro ager daitekeela, erradikalizazio bortitzaren forma berrien bidez. Horri indarkeriaren kulturaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioa deitzen zaio. Bakearen inguruko hainbat ikertzailek azaldu dutenez, gatazka baten amaierak ez du zertan desagerrarazi gatazka hori posible egin zuten ideiak eta jokabideak. Horregatik da hain garrantzitsua memoria kritiko eta argia eraikitzea, gauza bat garbi uzteko: indarkeria bidegabea izan zen, izan da eta izango da.

 

«Azken bi edo hiru urteotan, ‘antifaxista’ etiketaren atzean babestu diren kale indarkeriako hainbat adibide ikusi ditugu»

 

Ideia politiko, etiko eta jarrerak belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira eta gizartean bizi garen pertsona eta eragile guztien ardura da kate hori moztea.

Orain, tamalez, gure gazteek, txano eta arropa beltzaren atzean ezkutaturik, eta protestak aitzakia gisa hartuta, inguratzen dituen oro suntsitu eta erretzeari ekin diote. Izua sortu eta izua zabaldu, hori da helburu bakarra.

Gure herrian, gainera, badira sektore batzuk, non antifaxismoaren diskurtsoa presioa egiteko edo indarkeriaz jokatzeko zenbait modu ulertzeko eta, are gehiago, justifikatzeko erabiltzen den, etsaitzat jotzen dituzten pertsonen aurka. Azken bi edo hiru urteotan, «antifaxista» etiketaren atzean babestu diren kale indarkeriako hainbat adibide ikusi ditugu.

Denok dugu erantzukizuna gure inguruan gertatzen ari denaren aurrean, baina uste dut bere gain hartu beharreko erantzukizun politiko eta hezitzaile berezi bat dutela jarrera horiek  erakusten dituztenak, izan ere, indarkeria orori buruzko jarrera kritikorik ez izatea ez da iragana gogoratzeko moduari buruzko eztabaida hutsa. Atzo indarkeria justifikatzeko atea irekita utzi zutenek, gaurko eta biharko indarkeria ere justifika dezakete.

HITZAkide HITZAkide