Borondate kontua
Garbiketako langileak gara, eta Gizatzen enpresarentzat lan egiten dugu, Donostiako Udalaren eta beste udal erakunde batzuen eraikinak eta lokalak garbitzen. 2021etik ez dugu soldata igoerarik izan, eta mobilizazioak hasi ditugu lan hobekuntzak eskatzeko. Ez da lehen aldia, baina oraingoan, bi kontu erdigunean jartzeko egin dugu: erosahalmena ez galtzea eta soldata eskala bikoitza desagertzea.
Lehenengo aldarrikapenetik hasita, funtsezkoak izan ginen pandemian zehar, egiten genuen lan goresgarri eta beharrezkoagatik jaso genituen bitoreak. Hori iraganeko kontua da, eta enpresak jada ez du gure lana balioan jartzen, eta gure lan baldintzak prekarizatzen dituzten igoera barregarriak planteatzen dizkigu. Pandemiaren oihartzunak urrun geratzen dira, eta haiekin batera gure lanari ematen zitzaion balioa.
Onartezina da bi pertsonak soldata desberdina jasotzea gauza bera egiteagatik, are gehiago hori udalak finantzatutako zerbitzu batean gertatzen denean
Bigarren gaiari dagokionez, 2022ko otsailean kontratua Gizatzen enpresari esleitu zitzaionetik, lan baldintza desberdinak aplikatzen ari zaizkie lantoki berean zerbitzu bera ematen duten langileei. Bestela esanda, enpresak soldata eskala bikoitza aplikatzea erabaki du. Aurretik kontratatutako langileei, lehen aplikatzen zen akordioa aplikatzen zaien bitartean, kontratazio berriei Garbiketa Probintzialaren Hitzarmenean ezarritakoa ordaintzen zaie. Eta horrek esan nahi du langile batzuek %18 gutxiago kobratuko dutela. Edo bestela esanda, urtean 4.000 euro gutxiago, lan bera egiteagatik. Eta hori enpresen errua da, baina baita udalarena ere. Onartezina da bi pertsonak soldata desberdina jasotzea gauza bera egiteagatik, are gehiago hori udalak finantzatutako zerbitzu batean gertatzen denean.
Azken batean, ez dugu bizkarrean zapladatxorik nahi; duintasunez bizitzen jarraitu nahi dugu, eta eguneroko beharrei berme osoz aurre egin. Eta, horretarako, borondatea behar da.