Bretxako Arrandegi eraikina, zeinentzat?
Donostiako Udalak adarra jo digu, berriz ere. Gutxietsiak eta mespretxatuak, horrela sentitzen gara Parte Zaharreko bizilagunak. Eta urak gainezka egiteko falta zen tanta Bretxako Arrandegi eraikineko lehen solairua ostalaritza proiektu batera (jatetxe-eskola) bideratzeko udal gobernuaren erabakia izan da.
Bi urte dira Donostiako Udalak Bretxako gunearen kudeaketa publikoa bere gain hartu zuela. Hilabete gutxi batzuk lehenago, osasun zentro berria ireki zen, eta, handik gutxira, kirol instalazio bat, biak Arrandegi eraikinean. Lehenengo pisuko 900 metro karratuak zertara bideratuko ziren jakitea falta zen.
Gure auzoaren behar historikoei behingoz erantzuna ematen hasteko benetako aukera zegoela ulertuta, 2025eko ekainean, esparru eta jarduera desberdinetako hainbat elkartek udal arduradunekin elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu genuen, irtenbiderik onena bilatze aldera. Eta horretan aritu gara ia urtebetez, udal ordezkariekin biltzen eta erabilgarri dauden eraikin eta espazioen aukerak aztertzen.
«Ikusitakoak ikusita, gaur ziurtatu dezakegu han-hemenka eduki gaituztela, entretenituta, espazio libre horiek auzoaren beharrekin zerikusirik ez duten interesei esleitzen zitzaizkien bitartean»
Bada, ikusitakoak ikusita, gaur ziurtatu dezakegu han-hemenka eduki gaituztela, entretenituta, espazio libre horiek auzoaren beharrekin zerikusirik ez duten interesei esleitzen zitzaizkien bitartean. Azkena, aipatu Arrandegi eraikineko lehen solairua izan da: “Jatetxe-eskola eta laneratze programak dituen espazio bat”. Auzoaren beharrekin zerikusirik ez duen proiektua da. Ez hori soilik, indarrean dagoen araudia ere ez du betetzen. Donostiako Udalak Parte Zaharra ostalaritza establezimenduen gune saturatu izendatu zuen 2004an. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketak ostalaritza negozio berriak irekitzea debekatu zuen. 2018an, udala harago joan zen, auzoa “jarduera ekonomiko oroz gainezka dagoen eremu” gisa izendatuz. Bada, 2026an udalak berak sustatzen ditu ostalaritza jarduera berriak Parte Zaharrean, eta, gainera, udalaren eskumenekoa den gune batean.
Duela bi urte erabilgarri zeuden espazioak esleitzen ari dira, baina ez auzotarren erabilerarako guneak sortzeko, nahiz eta auzoaren beharrak areagotzen ari diren. Jon Insausti alkateak, ordea, ez du lotsarik esateko hartu berri duten erabakiak “Arrandegi eraikina auzoaren zerbitzura dagoen espazio gisa finkatuko duela”.
Sinatzaileak, Parte Zaharreko Auzo Ekipamenduak taldea: Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea, Zaharrean Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea, Herria Kultur Elkartea, Kresala Kultur Elkartea, Alde-Zaharra Kirol Elkartea, Karmengo Jai Batzordea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada, Kale Lagunak Hockey Taldea, Arrano Beltza Euskaltokia, Kaskariñak dantza taldea, Bilintxi Balantxa Bertso Eskola, Euskal Jai Batzordea, Euskara Batzordea, Kai Harripe Euskal Kultur Elkartea, eta Jarana Herri Kirol Taldea.

