Bueltan
Xabier Vazquez, realzalea
Igandean Realak liga estreinakoan egindakoa jaso zuen bueltan. 3 puntuak berriz ere etxean geratu ziren, besteren etxean baina. Eta horren erantzule nagusia ez zen izan Vila-Realeko jakalarien klase zalantzaezina, baizik eta guk geuk egindako akatsak. Cazorlak lapurturiko bi baloik eta ondoreneko paseek eman zizkioten Rossiri bi golak, Aranburuk (beno, atezainak bere atean) sarturikoa gaindituz. Presioan irabazi zioten Realari, edo behintzat hortik jaso zituzten fruturik handienak.
Asko aipatu da azkenotan Realaren atzealdea larri dabilela. Egia da taldeak gol ugari jasotzen duela, jaso ere bai, eta azken aldian oso ohiko bihurtzen ari da gol bateko diferentziaz galtzea, geuk 1 edo 2 sartu, arerioek 2 edo 3. Sartu gabe geraturiko gol haiek Getaferako gorde zituen taldeak, baina 4 edo 1 sartuta, puntuak berdin. Aurrealdera begira nik uste ez direla askotxo Realak adinako talentua dutenak, baina gol gehiegi jasotzen dituela nabarmena da. Halere, beti atzekoen errua ote? Igandean behintzat bi erdilarik galdutako baloiak izan ziren erabakigarri (Markel eta Prieto), Aranburuk ere halako parea galdu zituen eta orokorrean taldeak hutsune asko utzi zituen Vila-Realeko bigarren lerroko jokalarientzat area ertzean. Ez dakit ziur esaten Rivas eta Markel libero ziren ala pibote. Horiek denak ez dira atzelarien erru soilik.
Botila erdi bete nahi duenak zera esango du: Realak bere akatsengatik galtzen du (Valencia, Zaragoza, Vila-Real,…). Erdi hutsa ikusi nahi duenak, ordea,… gauza beraxe. Kontua da Realak galdu egin zuela igandean, baina gol averagea behintzat alde dugu 3. postuaren lehiarako. Askotxo dela? Beno, behetik hasita 3.a ez izatearekin konformatu beharko, bai. Baina, futbol aditu batek esan moduan: Vila-Realen aurka Kopa izan balitz, aurretik geundeke. Kontua da hemendik aurrera orain arte jokatutako partida guztiek izango dutela euren buelta. Aukera odolkiak ordainetan emateko, ala berriro ere kalabazak jasotzeko. Funtsezkoa dirudi Almeria, Osasuna eta Levante bezalako taldeen aurka behintzat Anoetan 3 puntuak lortzeak. Ea halako odolkiekin taldetxo batzuk odolusten goazen.

