Celedonia Chivite
Egunkarien irakurketa, baita aldizkarirena ere, desagertzen doa gure informazio ohituretatik. Kioskoak murriztu egiten dira. Digitalak gure komunikazio eredua aldatu du. Eta gure hiriaren aurpegia koloregabetzen ari da. Belaunaldi berriak beste argazki batekin iristen dira mundura.
1907an ilusioz beteriko bikote bat iritsi zen Donostiara. Motxila batekin, goibeltasunez eta bizitza aurrera ateratzeko antsia partekatzen zuena. Gizonak Ramon Rivero Jimeno zuen izena. Emakumeak Celedonia Chivite Lauroba, eta 1868ko martxoaren 3an Cintruenigoko San Juan parrokian bataiatua izan zen. Gurasoak, Saturnina Lauroba Mateo eta Marcelino Chivite Ayala, ez ziren Nafarroatik atera. Celedoniak orduan 39 urte zituen eta lau seme-alaba. Beste bi, bikiak, jaio eta berehala hil ziren.
Seirek, aurrezki batzuekin poltsikoan, pisu bat alokatu zuten Moraza kalean, eta Ramon kalera irten zen egunkariak saltzera. Prentsak izugarrizko eztanda izan zuen urte haietan eta fenomeno horrek gorantz egingo zuen. Irabazten zuena oso eskasa zen, baina bizirik iraun ahal izan zuten. Seme-alabak, Ursula, Amalio, Jose eta Vicenta, Urbieta kaleko inguruan zeuden eskoletan hasi ziren ikasten.
Bizitzak irribarre egin zien, eta, denborarekin, Ramonek eta Celedoniak bi lokal eskuratu zituzten, bata Moraza kalean eta bestea Urbieta kalean. Egunkariak, aldizkariak eta liburuak saltzen zituzten. Negozioa gorantz joan zen, eta Ursulak erizaintza ikasi ahal izan zuen. Laster etxetik joan zen, Valdecillako (Kantabria) ospitalean lana aurkitu zuelako, 1932an. Bitartean, bi semeak politikoki militatzen hasi ziren, garai nahasi hartan. Amalio Izquierda Republicanaren alderdian afiliatu zen, eta Jose CNT sindikatu anarkistan.
Gerra iritsi zen, eta Amalio boluntario sartu zen Euskadiko Armadaren 20. batailoian, Azaña izenekoa. Urbieta kalean bizi zen orduan, bikotekidearekin. Lehen konpainiako kapitain izendatu zuten, arduradun nagusi. Jose, ordea, Moraza kalean bizi zen, Celedonia amarekin, eta Donostiako defentsan parte hartu zuen, CNTk Larramendi kalean zuen egoitzatik. Amalio eta Jose Bilbon atxilotu zituzten. Amalio Puerto de Santa Maria espetxera bidali zuten. Eta Joseri armak aurkitu omen zizkioten etxean, eta hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Bide batez, Celedonia poliziaren zerrendetan sartu zuten, bi presoen ama izateagatik.
Celedonia etengabeko larritasunean bizi izan zen, bere semeen egoera zela eta. Gerra eta espetxea. Urbieta kaleko denda, Amaliorena, lapurtu ziotela ikusi zuen ere. Amaliok, espetxetik irten zenean, Moraza kalekoa hartu zuen, Rivero izenez ezaguna. 1956an, Bertolt Brech hil zen urte berean, honen liburuak debekatuta zeuden urte zorigaizto hartan, Celedoniak azken hatsa hartu zuen, 88 urterekin.
Urte batzuk geroago, Amalio hil zenean, bere iloba Maria del Mar, Joseren alaba, arduratu zen negozioaz. Egunkarien, aldizkarien eta liburuen salmentaren distira eta gainbehera ezagutuz. 2023an albiste txarra iritsi zen. Hainbat hamarkadatan Amara Zaharra auzo osoa ilustratu zuen Rivero denda itxi zuen Maria del Marrek. Denda itxita, Mari del Marrek gaur egun, arratsaldeetan, bazkalostean, eseri, eta oraindik ere, hautsez betetako apalategian dauden liburu zahar horiek irakurtzeko tartetxo bat aurkitzen du.