D-aroa: etorkizunari euskaraz egiteko aukera
Bolo-bolo dabil azken asteetan euskara komunikabideetan, dela enplegu publikoaren legea, dela oldarraldia, direla unibertsitaterako sarbiderako azterketen notak eta abar. Eta egoera hauen aurrean, hainbat izan dira entzun ahal izan ditugun iritziak.
Argi izan behar dugu euskararen aldeko politikak ez direla inoren aurkakoak. Aitzitik, gizarte bidezkoago eta inklusiboago baten aldeko tresnak dira, herritarrek euskaraz bizi nahi badute, horretarako aukera erreala izan dezaten. Horregatik, ezinbestekoa da erakundeek, alderdi politikoek eta gizarte osoak konpromiso sendoa erakustea euskararen etorkizunarekin.
Eta Donostiako Udalak konpromiso hori erakutsi du, Jon Insausti alkatearen eskutik, joan den maiatzean aurkeztu zuen D-aroa izeneko Donostian Euskara Sustatzeko Plan (2026-2036) berriarekin, anbizio handiko plan berritzailea, hainbat adituren ustez.
«Donostiaren moduko gero eta aniztasun handiagoko hiri batean, hizkuntza baten bizitasuna ez dago hiztun kopuruaren esku soilik»
Donostiaren moduko gero eta aniztasun handiagoko hiri batean, hizkuntza baten bizitasuna ez baitago hiztun kopuruaren esku soilik. Erabilera aukerek, motibazioek eta komunitate sendo batek egiten dute hizkuntza bizia eta hori du helburu D-aroak. Gainera, epe luzera begiratzen duen plan bat izateak egonkortasuna eta norabidea ematen dio euskararen sustapenari. Bestalde, ez da administrazioaren ardura hutsera mugatzean, herritarrak, auzoak, ikastetxeak, kultur eragileak, merkataritza eta enpresak hizkuntza komunitatearen parte direla aitortzen du.
Euskararen etorkizuna toki guztietan eraikitzen baita. Eta euskaraz bizitzeko baldintzak sortzearen garrantzia azpimarratzen du, erabilera sustatzeko.
Halaber, plan honek kontuan hartzen du auzo bakoitzaren errealitatea. Donostia ez da hizkuntza aldetik hiri homogeneoa, horregatik, tokian tokiko diagnostikoei begiratzen die ekintza egokituak burutu ahal izateko eraginkortasun handiagoa izan dezaten.
D-aroa etorkizuneko Donostia eraikitzeko tresna bat da. Horregatik, hau babestea ez da euskararen alde egitea soilik, Donostiaren nortasunaren, aniztasunaren eta etorkizunaren alde egitea ere bada.

