Dena ez da kasualitatea
Donostiako Udaltzaingoa taser pistolaz hornitzearen ideia gero eta gehiago entzuten ari da azkenaldian. Hedabide batzuen arabera, 2025etik aurrera posible da arma hauek soinean eramatea udaleko gorputz polizialek. «Polizia modernizatzeko beharra» da, udalaren esanetan, hautu hau egiteko arrazoia. Taser pistolen erabilera, ordea, icebergaren punta besterik ez da.
Ez da ezer berria jadanik, baina azken aste eta hilabeteetan gure hirian segurtasunaren aferaren bueltan ematen ari diren eztabaidei erantzuteko beste modu bat bada ere taser pistolen erosketa. Ez dakigu aurrera egingo duten ala ez, baina pistolak erosteko proposamenak berak larritu egin beharko gintuzke.
Hasteko, segurtasun faltaren irtenbide gisa gorputz armatuen gero eta presentzia, inbertsio eta sofistikazio maila altuagoa suposatzen duelako. Oro har, militarizazio orokortu baten aurrean gaudela ere esan genezake, inbertsioak arlo materialean ez ezik, komisaria eta bestelako azpiegituretan ere ari baitira ematen.
«Segurtasuna predikatu eta jarrera atzerakoiak nagusitzen ari diren honetan, udala une aproposa baliatzear da, taser pistolen ezarpena onartzeko»
Taser pistolen erabilerak, ordea, beste muga berri batzuk ezartzen ditu. Ez soilik ikuspuntu polizial batetik, baizik eta osasunaren arlotik, hain zuzen ere. 50.000 volt askatzen dituen arma hilkorra da taser pistola, osasun arazoak dituzten pertsonentzako hilgarria bihurtu daitekeen arma, alegia. Amerikako Estatu Batuetan mila pertsona baino gehiago izan dira erailak arma mota honekin, eta, gertuagora etorrita, iaz, Katalunian, gizon bat erail zuten mossoek horrela.
Dena ez da kasualitatea, ordea. Esan sindikatuak irailean eskatu zituen taser pistolak Udaltzaingoarentzat, eta gaur jada hauen erabilera posibleaz gabiltza hizketan. Donostian taser pistola hauen erabilera onartzen bada, badakigu zertarako eta zeinen aurka erabiltzeko den. Migrazioaren aurkako oldarraldi bete-betean, segurtasuna predikatu eta jarrera atzerakoiak nagusitzen ari diren momentu honetan, udala une aproposa baliatzear da, taser pistolen ezarpena onartzeko. Ez gure izenean.