Desiraren kartzela da panoptikoa
2020an ezagutu nuen panoptikoaren kontzeptua. Ez pandemiagatik —nahiko distopikoa izan zen hura, Blade Runner estilokoa—, sexologiako ikasketetan lehen pausoak ematen hasi nintzelako baizik, Gurenduzeko Ziortza Karrantza sexologoaren eskutik.
XVIII. mendearen amaieran, Jeremy Bentham filosofoak panoptikoa kartzela eredu gisa diseinatu zuen: erdian dorre bat eta inguruan presoen gelak. Dorre horretatik zaindariak preso guztiak ikus zitzakeen, baina presoek ezin zuten jakin noiz ari zitzaien begira, kristal tintatuek ezkutatzen baitzuten begirada. Mende eta erdi geroago, Michel Foucaultek panoptikoa boterearen metafora bihurtu zuen Diziplina eta zigorra (Discipline and Punish, 1975) lanean. Sistema honen arrakasta ez da etengabe kontrolatzea, baizik eta pertsonak berak bere burua mugatzera iristea, epaituak izateko beldurra barruraino sartuta duelako.
Horixe gertatzen da, askotan, desirarekin ere. Norbaitek ikusiko gaituelakoan edo epaituko gaituelakoan, gure desirak eta horien arabera ditugun jokabideak kontrolatzen hasten gara. Zigorraren beldurrak gure gorputzean egiten du habia, eta, horrela, mono-arauak irabazten du partida. Desiratzen duguna benetan gure desira al da, ala panoptikoak desiratzera irakatsi diguna?
«Harrotasuna ez zen instituzioek onartu gintuztelako jaio. Poliziaren aurka altxatu ziren disidenteak izan ziren gure hasiera»
Fantasien eremuan panoptikoa lausotu egiten da, neurri batean. Irudimenaren espazioan errazagoa da mugak desegitea eta debekuei ihes egitea. Hala ere, kulparen zama ez da horren erraz desagertzen. Horregatik ekarri nahi ditut hona Leyre Garatea What the sex proiektuko sexologoaren hitzak: «Kolektibotik soilik egingo diogu aurre kulpari».
Bat nator erabat ideia horrekin. Izan ere, panoptikoa ez da begirada indibidual bat soilik; egitura oso bat da. Moralak, heteroarauak, familiak, eskolak, elizak eta estatuak etengabe negoziatzen dute gurekin zer desiratu behar dugun eta zer ez. Gure desirak ez dira hutsetik eraikitzen. Egitura horien bazter guztiek eragiten digute, eta arauaren indarra, askotan, indarkeria sinbolikoaren bidez iristen zaigu. Hori ere panoptikoa da.
Horregatik, Garateak dioen moduan, kolektibotik egingo diogu aurre. Eta kuir komunitateak aspalditik daki hori egiten. Arautik kanpo bizitzeak etengabe eskatzen du egitura berriak irudikatzea, harremanak izateko modu berriak eraikitzea eta etengabeko berrasmatzea.
Horregatik, igande honetan, ekainaren 28an, kuir amorrua erdigunean jarriz, aterako gara kalera. Ez ortzadarraren marketinaren alde egiteko. Ez enpresek egun batez logotipoa koloreztatzearekin konformatzeko. Desobedientzia behar dugu, eta lotsarik gabeko plazera behar dugu. Horixe baita panoptikoaren etsairik ederrena: plazera eta lotsagabekeria.
Harrotasuna ez zen instituzioek onartu gintuztelako jaio. Poliziaren aurka altxatu ziren disidenteak izan ziren gure hasiera. Donostiatik zerura muxu bat Marsha P. Johnsoni eta Sylvia Riverari –Stonewalleko altxamenduetan lehen ilaratan egon ziren–, eta bereziki, besarkada erraldoiena Francisi –Antonio Caba espainiar poliziak tiroz hil zuen 1979an, Oreretan–, zuei esker gaudelako gu hemen. Gaur sistemak irribarre egiten badigu ere, ez du kontrolatzeko grina galdu, eta guk ez diogu irribarrea itzuliko.
Igandean, Bulebarrean. 12:00etan.

