'Donostia 2016, auzoari kultura lapurtzen'
Hiru urte dira Amara Berriko jaietan auzoko eskola ezberdinetako haurrek pareta ilun batean mural koloretsu bat egiten dutela elkarrekin. Mural batean betikotzen dute auzoko jaien ilusio eta aldarria, horma zikina garbituz, auzoak eta euskarak espazio txiki bat irabaziz.
Auzoan lanketa handia egiten da haurrengan elkarbizitza eta auzo nortasuna sustatzeko. Eskolekin dinamika interaktiboa eta ikusgarria garatu dugu, eskolan jaietako heroia den Superxaguren kondaira landu eta hortik mural bat sortzen dugu. Ipuinaren muina Donostia 2016k hainbeste airatzen duen elkarbizitza izanik auzoko Amara Berri Ferrerias eta Katalina Erausoko ikasle zein irakasleek horma zikinen bat koloreztatzen dute, jai batzordeko kideekin batera. Egitasmoa borobiltzeko, jaien lehen egunean, auzoko haurrak elkartu eta denok batera festa giroan murala inauguratzen dugu. Auzo bateko eskola ezberdinetako ikasleak elkarrekin mural bat euskaraz margotzea badakigu zer nolako ekarpena den eta harro gaude egiten dugun lanaz. Ekimenak beti oso harrera ona izan du auzoan.
Kontua da murala dela eta tentsioak aurreko urteetatik datozela, nahiz eta auzotar gehienek ez duten jakingo. Aurreko urteetan ere zailtasun handiak izan ditugu pareta lortzeko, batzuetan baimena ukatu eta gero emanez, eta azkenik autobiaren azpiko pasabidea aukera bakar utzi ziguten. Iaz bertan egin behar izan genuen. Aurtengo murala egiteko udalak baimena eman orduko paretaren eraisketa sinatu du eta dena hesitu dute. Haurrak hesi artean sartzea, baina, ez da gure hezkidetza ikuspegiaren barruan sartzen. Hori dela eta, aurten murala beste modu batera egingo dugu eta haur eta guraso guztiak deitzen ditugu elkarrekin arratsalde zoragarri bat pasa dezagun auzogintzan. Hau izango da leloa: Lurra, airea, sua, ura… bizi amalurra!
Kontua ordea, harago doa, hesitzearekin gutxi ez eta Udalak jakinarazi digu aurreko urteetan egindako muralak ezabatuko dituela. Auzotar bat kexatu omen dela garbitasunaren faltsukeria erabiliz, esanez murala “garbitzeko”, ezabatzeko, erabat kontutan hartu gabe guk murala egin aurretik hamarkadak zeramatzatela pareta horiek zikin, eta guk, auzoan elkarlana eta nortasuna sustatuz garbitu eta koloreztatu egin ditugula. Gainera garbitasunaren argumentu faltsuari asko ikusten diogu zentsuratik eta espazio publikoa herritarroi kentzetik.
Bide batez, hauek dira aurreko urteetan muraletan idatzi ditugun leloak:
2013. urtean: Guztion auzoa, kolore guztietakoa.
2014. urtean: Entzun erantzun, barruan kanpoan, euskara oihartzun.
2015. urtean: Sentitu, pentsatu, ekin, denok elkarrekin.
Tristea da udalak auzotarrak gutxietsi eta halako mezuak dituzten muralak ezabatu nahi izatea. Paradoxikoa da aurreko larunbatean Donostia 2016k antolatuta graffitigileak lotzea Grosen muralak egiteko, eta herritarrok egindako muralak ezabatzen ibiltzea aldi berean.
Eneko Goia hau al da zuen elkarbizitza? Hau al da zuen kultura? Zer gertatzen da, ez direla politak euskaraz ez dakiten turistentzat? Edo, besterik gabe, herritarrok kalea guztiona dela aldarrikatzea da moztu nahi duzuena? Donostia kapitalak mugitutako kulturaz kutsatu nahi duzuen bitartean, guk auzoa auzotik eta auzotarrekin eraikiko dugu, hitzez zein ekintzez. Guk kulturaz auzotarrekin gozatuko dugu, hitzez zein ekintzez.
Amara Berriko Superxagu jai batzordea
