Igarotako bidearen kronologia bat

Donostia elkarrekin pentsatzeko

 

Abian jarri dugu Donostia XXI Foroa, Donostiari buruz hausnartzeko, parte hartzeko eta hiriko gaurkotasunari jarraipena egiteko ekimen irekia.

Behar xume batetik sortu da: gure hiriaz hitz egitea, gertatzen ari dena ezagutzea eta haren arazoak zein proiektuak aztertzea, Donostia eta etorkizuna hobeto ulertzen lagunduko duten gogoetak partekatzeko.

Hiriko gaietan esperientzia duen iritzi talde bat gara, baina badakigu gure ikuspegia ez dela bakarra eta ez ditugula erantzun guztiak. Horregatik, entzule gisa abiatzen gara, apaltasunez. Donostian dauden eztabaida ugarietan gure aletxoa jarri nahi dugu, informazioa partekatuz, kezkak plazaratuz eta iritziak osatuz, betiere errespetuz eta aniztasuna aintzat hartuta.

Foroa topagune irekia izatea nahi dugu, herritarren, elkarteen, kolektiboen, profesionalen, erakundeen, gizarte eragileen eta merkatarien ekarpenak jasotzeko. Ez dugu denok iritzi bera izatea bilatzen. Entzutea, alderatzea eta eztabaidatzea da asmoa, desadostasunak ere elkarrekin pentsatzeko aukera baitira.

 

«Lehen urratsa Donostiako behar, arazo eta proiektu nagusiak identifikatzea izango da»

 

Lehen urratsa Donostiako behar, arazo eta proiektu nagusiak identifikatzea izango da, eta arreta berezia zein gairi eskaini erabakitzea.

Etxebizitza, mugikortasuna, auzoak, merkataritza, kultura, turismoa, ingurumena, hirigintza, zerbitzu publikoak, adinekoak, gazteak, ekonomia edo herritarren parte hartzea izan daitezke hizpide; baita hiriko etorkizunean eragina duen beste edozein gai ere. Gai bakoitza ikuspegi desberdinetatik aztertu nahi ditugu, datuak, esperientziak eta iritziak partekatuz.

Hilean behin biltzeko asmoa dugu. Topaketetan, informazioa eta diagnostikoa landuko ditugu, eta eztabaidarako zein proposamenetarako tartea izango dugu.

Bilera bakoitzak emaitzaren bat uztea nahiko genuke: hausnarketa bat, dokumentu bat, elkarrizketa bat, proposamen bat edo ikertzen jarraitzeko gai berri bat.

Gure lana zabaltzeko, podcasta, komunikabideen lankidetza eta bestelako kanalak erabiliko ditugu. Foroa, ordea, pixkanaka eraikiko dugu, parte hartze boluntarioz eta egitura handirik gabe. Lehenik, entzun eta behatu; gero, Donostia hobeto ulertu eta, elkarrekin, XXI. mendeko hiriaz hausnartu.

 
HITZAkide HITZAkide