Donostiako ondarea egoera larrian
Donostiako ondarearen egoera oso kezkagarria da. Hiri ondarea babesteko plan berria onartu zen egun berean, Groseko Villa Supervielle eraisten ari ziren. Ez zuten katalogoaren barruan sartu, eta desagertu egin zen, oroitzapen huts bat bihurtzeko.
Duela gutxi Aldi supermerkatua inauguratu dute Ategorrieta auzoan, 1900eko beste txalet historiko baten ordez. Laster eraisketa gehiago izango ditugu hirian… Praktikan, astero ikusten dugu hondamen berri bat. Barandiaran taberna, Parte Zaharreko monumentu multzo betean, ilegalki suntsitu dute jabe berriek, eta beste behin, gutxi batzuek, berehalako irabaziaren bila, geure ondarea kendu digute donostiarroi. Donostiako azken kafetegi historikoa, Art-Déco-aren bitxia, probintziako onena, Pablo Zabalok diseinatua 1925ean.
Nahikoa da! Zertan ari da pentsatzen udala? Plan berria hiriaren aberastasun arkitektoniko eta historikoari erantzuten ez dion berrikuspen fake bat da. Baserriak, ondare industriala, atariak, saltokiak, elizak, eta txaletak babestu gabe uzten ditu, baita Grosen, Bulebarrean bertan eta Prim kalean dauden hainbat eraikin ere. Katalogatu ez dituzten elementuak ezagutzean harritu egingo litzateke jendea. Ondareari sistematikoki egiten diote kalte, nahiz eta «babestuta» egon. Hori gertatzen da katalogatutako elementu gehienak (%72) planaren D mailaren barruan dagoelako. Maila horrek irudia babesten du soilik, eta eraikina eraistea eta antzeko bat eraikitzea baimentzen du. «Babestutako» eraikinen ia hiru laurden eraitsi daitezke.
Arte Ederren antzokia, Espainiako Estatuko zinema areto zaharrena (1914), desagertzeko arrisku larrian dago, nahiz eta ICOMOS/UNESCOk nazioarteko alerta egin. (Bai, monumentuak Gizateriaren Ondare izendatzen dituzten pertsona horiek). Udalak alerta horiei muzin egiten die, baita Eusko Jaurlaritzaren gomendioei ere: hogei urtez Loiolako kuartelak babesteko eskatzen ari dira. Interesatzen ez zaien orori muzin egiten dio udalak, pikotxari eta espekulazioari «aukera leihoak» baimentzeko.
Oso gogoan ditugu Victor Hugoren hitzak: «Gerra eraisleei».