Donostiako plan orokorra: ezinezko misioa
Aste honetan jakin da Plan Orokorra idazteko kontratua hutsik geratu dela, eskaintzak aurkeztu ez direlako. Badirudi inor ez dela erronkarekin ausartzen. Ez da harritzekoa, halaber, hiriko hirigintza dokumenturik garrantzitsuena eta hierarkiarik handienekoa idazten saiatzen denak zenbat buruko mini egin beharko dien aurre jakinda. Aurrekariek eta egun dugun muturreko egoerak ez dute lan labur bat onartzen, eta ematen du sektoreko profesionalek beraiek ezinezkotzat hartzen dutela.
Hainbat forotan errepikatu den moduan, Donostia gaur egun herritar arruntentzat eskuragarri ez den etxebizitza parke bat duen hiria da. 94.000 etxebizitza dituen hiria da, horietatik %95 salmenta librekoak, eta Plan Orokorraren datuen arabera, salmentaren batez besteko prezioak %229ko aldea du etxebizitza librearen eta babestuaren artean. Datu horrek batez bestekoa islatzen badu ere, egia esan, etxebizitza bat bilatzen saiatu denak ondo daki askoz handiagoa dela.
Eta hiri honetan etxebizitza babestua ez da iristen etxebizitza parkearen %5era. Datu horrek, azken 30 urteetan etxebizitzen heren bat eraiki dela dioen datuarekin batera, 30.000 inguru beraz, gogoeta suntsitzaileetara garamatza. Zer egin dute orain arte udal politikariek, 1994tik etxebizitzen ehuneko jakin bat babestua izatera behartzen zuen lege bat bazegoen?
Gure ustez, erantzuna saihestezina da: etxebizitza babestua atxikimendurik gabe tratatu dute, zekenkeriaz eta bakar-jokoan tranpak eginez. Hau da, hiri sarean etxebizitza babestuak tartekatzea helburu zuten xedapenen aplikazioa saihestuz.
«Lokatz haietatik lohi hauek. Donostiako herritarrek eta bertako ordezkariek lan zaila dute aurrean. Ausardia, irudimena eta eskuzabaltasuna beharko dira. Baina merezi izango du, garaia delako hirigintza politika birbideratzeko»
Eta lokatz haietatik lohi hauek. Donostiako herritarrek eta bertako ordezkariek lan zaila dute aurrean. Ausardia, irudimena eta eskuzabaltasuna beharko dira. Baina merezi izango du, garaia delako hirigintza politika birbideratzeko, hirigintza ez izateko gainbalioen sortzaile, interes publikoa bilatzen duen funtzio publikoa baizik. Eta etxebizitza ez izateko merkatu ondasun bat, premia biziko ondasun bat baizik. Iraunkortasunaren, gizarte kohesioaren eta lurralde orekaren printzipioek gidatutako funtzio publikoa.
Etxebizitza hutsa erostea, etxebizitza turistikoa mugatzea, hutsik dauden eraikin handien gaineko jarduketak, bigarren egoitzak eta inbertsio etxebizitzak mobilizatzea, barne hazkundea eta hiri birkalifikazioa, birgaitzea… dena beharko da donostiarrak beren bizitza ingurunetik kanporatzea nahi ez badugu. Ez dago irtenbide magikorik, ez dezagun utzi geure burua hitzontzikeriak engainatzea.
Espero dezagun ausardiaz jokatzea eta iraganeko elementuak, jasaten dugun egoeraren erantzule direnak, ekintzaz edo ez-egitez, sartzeko tentazioan ez erortzea. Zaila izango litzateke ulertzea eta are zailagoa onartzea.
Eta espero dezagun iraganera itzuli nahi ez izatea, Auditz Akularren moduko landa lurzoru naturalak artifizializazeko formula zaharkitu eta zabarrekin, 1970eko hamarkadako estilorik krudelenean. Antondegi eta Zubieta zaintzea lortu da. Hurrengoa Auditz Akular izango da.