Edurne Moreno: 'Harro'
Edurne Moreno; arraunlaria.
Orioko itsasadarrean irabazi dugu lehen bandera, aurkari zuzenen aurretik, baina ez aurkari guztiekin. Gipuzkoako Ligako zazpigarren jardunaldia izan zen, eta Euskotren Ligako partaideak falta ziren. Hortaz, bandera bakarrik zegoen jokoan, ez punturik, ez sailkapenik: bandera etxeratu edo ez.
Aurreko asteburuan Orion jokatutako estropadaren sentsazio txarra kentzeko, ezin hobeto etorri zitzaigun saria, baita inguruko herri eta hirietan emakume kirolarien lana ezagutzera emateko ere.
Kaiko karmenetako jaietan eszenatokira igotzera gonbidatu gintuzten ehundaka pertsonen aurrean, eta ziurrenik gehienek ez gintuzten ezagutzen, ziurrenik gehienek ez zuten jakingo Donostian emakumeok trainerua dugunik ere. Gizartean nekez ematen zaiolako garrantzia honi.
Estropadaren hurrengo goizean, kafetegi bateko egunkari guztiak hartu genituen banan-banan orriak pasatuz, gure garaipenari buruz azaltzen zutena irakurtzeko. Kostata, egunkariren batean artikuluren bat irakurri genuen, eta horietako batean argazki bat ere argitaratu zuten! Hau poza! Normalki arraunari ez baitzaio garrantzia handirik ematen egunkarietan, pentsa, emakumearen arraunari…
Gu oso harro gaude egindako lanaz, merezitako bandera eskuetan edukitzeaz, eta noski, pasatako asteburuan eta entrenamendu bakoitzean Donostiako kaian ikusten gaituzten neskentzat eredu izateaz ere bai.