Egin daitekeena
Emana zaigunaz kexatzen gara askotan, ogi apurrak besterik ez dizkigutela ematen. Kentzen digutena salatzen dugu, egungo gizarte bidegabe honen ezaugarriak azaleratuz. Etorkizun zaila aurreikusten zaigun arren, gutxiegi da gazteoi bideratutakoa, eta asko, berriz, azken urte hauetan guztietan gure eskuetatik lapurtu digutena.
Bestelako gizarte bat eraiki nahi izatea da gazte askoren delitua. Gurasoek oinordetzan utzitako mundu aldrebes hura hankaz gora jarri eta berri baterako zutabeak eraikitzen hasteko delitua. Promesak besterik ez ditugu entzuten azkenaldian: egoerak hobera egingo duela, bizitzaren kostuak behera egingo duela… ondoeza eragiten duten erabaki politikoak dira ikusten dugun dena.
Ikasturte berriari ekingo diogu aurki, eta gazte askok udako lanak atzean utziko dituzte euren ikasketei berriro ekiteko. Heziketa prozesu luze bat da bizitza bera, eta hortaz, garrantzia du gazteok elkar hausnartu, eztabaidatu, ikasi eta aisiaz disfrutatzeko abaguneak izatea. Gure auzo eta herrietatik atera, eta gainerako gazte askorekin ideiak elkarbanatu eta eskaintza kultural txukun batez gozatzea aukera ezin hobea da ikasturte hasierarako. Sozialismoaren kultura politikoa jaso, eta etorkizuneko erronken inguruan aritzeko lehen parada izango dugu urriaren 11tik 15era ospatuko den Gazte Topagune Sozialistan.
Egin dezakeguna baino, egin behar denaz hitz egitea egokitzen baitzaigu.