Egunsentiko odisea
Xabier Arzelus, idazlea
Izen bitxia jarri diote militarrek Libia aldean antolatu duten operazioari: Egunsentiko Odisea, hain zuzen ere. Antza denez, militarrek jendea erreklutatzen dutenean adi-adi egoten dira noizbehinka poetaren bat fitxatzeko – depaso, pintoreak ere kontratatzera deituko genituzke, hain dira itsusiak eta koloregabeak koartelak, tankeak eta antzeko tramankuluak…– Oraingoan, militarrek fitxatutako poetari Mediterraneoaren zaporea duen odisea hitza bururatu zaio, badaezpada mapa batean Libiak itsaso horren kostalderik duen ondo begiratu eta baieztatu ondoren. Bide batez, odisea hitzak –zentzu zabalago batean– balentria esan nahi duela aprobetxatu du. Baita ondo egin ere, norbaitek gaurko odiseak Erdi Aroko Gurutzaden kopia modernoa direla esan baitu, batez ere, Gadafik «bere» petrolioa «kristauek» lapurtu nahi dutela esan ondoren –tamalez, «kristauek» eta «kristau ez direnek» aurrerantzean garestigo ordaindu beharko duguna–. Bestalde, egunsentia hitzak badu egun bakoitzak berez dakarren esperantzaren kutsua, kutsu hori gosaltzeko ordurako dagoeneko zapuztuta garatzen bada ere. Poetek asko maite izan dute betidanik gau beltzaren eta egun eguzkitsuaren mugak markatzen dituen momentu horren xarma. Beraz, Poesiaren Departamentuko soldadu-poetak odisearen eta egunsentiaren kontzeptuak biltzen zituen izena proposatu zuenean, militarren goi-agintariek operazioa egiteko zeuzkaten zalantzak alde batera utzi eta aurrera egitea erabaki zuten; batez ere, soldadu-poetak proposatutako izen zoragarri hori alferrik ez galtzeko. Gainera, den-denak bat etorri ziren oraingo izena aurreko Basamortuko ekaitza, Berun urtua eta antzeko gerra operazien izenak baino askozaz jantziagoa dela onartzerakoan –GKE bilakatu diren armadentzat egokiagoa izateaz gain– eta –ondorioz– oraingo biktimak modu jantzi eta samurrago batean hilko edo zaurituta geldituko dira. Gauza bat da ekaitzez edo berun urtuz eginiko olatu baten azpian hiltzea eta oso bestelakoa zapore klasiko nahastezinaren kutsua duen operazioaren eraginez hilotz geratzea.
Zentzugabeko burutazio hauek azken egunsentian nire ohean erdi lo nengoela etorri zitzaizkidan. Goizaldeko ordu txikitan irratian berriak entzuteak nolabaiteko nahasmena sortu zidan buruan, eta gosaltzerakoan zera uste nuen oraindik, japoniarrek Libiako kostaldean tsunami bat sortu zutela, eta Estatu espainiarrak ez zuela Sortu legeztatuko Gadaffiren militarrek Japoniaren ingurutan maltzurki eragindako lurrikara izugarria behar bezala –inequivocamente, esan ohi den bezala– kondenatu ez zuelako. Berehala susmatu nuen azken egunotan Estatuko irratietan –etenik gabe, kupidarik gabe– errepikatzen dituzten hiru berri nagusiak –Japonia, Libia, Sortu, Libia, Sortu, Japonia, Sortu, Japonia, Libia…– nire ustezko barne oreka hausten hasiak direla.
