'EHBilduren aldeko boto bakoitza kapitalismoaren aurkako borroka indartzeko izan dadila!'
Hauteskundeek aukera ematen diote ezkerrari Euskal Herriko diputazio eta udaletxeetatik eskuinaren politikari aurre egiteko. Beharrezkoa da bukaera ematea EAJ, UPN, PP eta PSE-PSNren ustelkeriari, zerbitzu publikoen pribatizazioari, administrazio publikoko lan prekarietateari eta diru publikoaren lapurretari. Posible da instituzioetatik aurre egitea PPren arrazakeriari, UPNren españolismoari edo EAJren politika prokapitalistari, eta aldi berean eremuak irabaztea gehiengo sozialarentzat, langile klasearentzat eta gazteriarentzat.
Nafarroan eta EAEn langabezian dauden herritarrak defendatzeko, euskara, ingurumena, osasun eta hezkuntza publikoa defendatzeko, beharrezkoa da martxan dauden pribatizazio prozesuak geldiaraztea eta dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuen erreskate publikoa egitea. Oinarrizko neurri hauei bankaren eta ekonomiako sektore estrategikoen publifikazioa gehitu behar zaizkie langile klaseak baliabide hauek guztiak gehiengoaren onurarako demokratikoki planifikatzeko.
Funtsezkoa da masen parte hartzea erabakietan. Erabakitzeko eskubidea izan behar dugu eragiten diguten oinarrizko auzi guztietan, eta ez soilik lau urtez behin bozkatu. Beharrezkoa da zerbitzu sozialak, osasun eta hezkuntza publikoa, etxebizitza eta enplegu duina defendatzeko botere instituzionala erabiltzea borroka maila altuago batean antolatzeko.
Aukera handiz betetako urtea izango da ezkerrarentzat, eta bereziki ezker abertzalearentzat. Antolakuntzarekin eta hauteskundeetan lortutako babesarekin, kaleetan sakabanatuta dauden mobilizazioak bateratuta, etorkizuna aldatzeko aukera garrantzitsua dago. Borroka honetan langile klaseak eta bere erakundeek funtsezko papera jokatu behar dute, bere zigilua jarri behar dute. Langileok gure indarretan bakarrik izan behar dugu konfiantza Euskal Herriaren eskubide demokratikoak lortzeko eta gizartearen eraldaketa soziala eskuratzeko. Horregatik, gure ustez beharrezkoa da ezker abertzaleak alde batera uztea EAJri luzatutako eskua. Gehiengo sozialaren babesa lortzeko modu bakarra kapitalismoari aurre egingo dion programa da, EAJk sekula defendatuko ez duena. Kapitalismoaren markoan eta euskal burgesiarekin akordiora iritsita, ez da posible Euskal Herriaren eskubide demokratikoak lortzea, autodeterminazio eskubidea barne. EAJ ez da irtenbidearen zati, arazoaren erantzule nagusi baizik. EAJk beti traizionatu du eta traizionatuko du Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka, bere helburu bakarra euskal kapitalista eta aberatsak defendatzea baita, eta bere benetako aliatuak PP eta Estatu espainiarreko bankari eta enpresari handiak baitira.
Euskal Herrian eta Europa osoan “demokrazia” deitutako hitz eder horren atzean kapital handiaren diktadura dago, banku eta multinazionalen agintea, EAJk, UPNk, PPk eta PSE-PSNko agintari sozialdemokratek defendatzen duten berbera. Eskubide demokratiko nazionalen aldeko borroka, autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna barne, gizartearen eraldaketa sozialistari lotuta daude, ezin dira bereizi: langile klase bateratuak, herriko sektore zapalduek eta gazteriak bakarrik aurrera eraman dezaketen borroka berbera dira.
Botoa EHBilduri! Sozialismoaren defentsa instituzioetara!
Ibon Artola, Euskal Herria Sozialistako kidea