'Ehun metro'
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Oinutsik, oinazpitan kolpatu ninduten. Eskuak bizkarrera loturik beti, hanka-tartea estutu. Gor uzterainoko belarrondokoak eman eta belarri-atzeak zorabiatze-arte sakatu. Bista nuenean zorura aldi oro. Dena garrasi, dena mehatxu. Eta kolpe. Otsailean hamar urte bete dira polizia espainiarrak atxilo ninduenetik. Polizia-etxetik kartzelara heldu eta salaketarako izkiriatuaz beste, ez dut gehiago gertatuaz sekula idatzi. 2011eko azaroaren 14an, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen karietara, agerraldia egin zuen PSE-EEk Konstituzio plazan. Elorza, Lopez eta enparauek “memoria” eta “askatasuna” hitzak erabili zituzten ekitaldian. Memoria, Ernest Lluch zena eta hamabi urte atzera plazan bertan eman zuen hitzaldia gogoratu zutelako. Baita Maria Teresa Castellsen Lagun liburu denda ere. Askatasuna, berriz, Lopezen hitzetan dagoeneko “leku debekaturik” ez dagoelako. Egun bat lehenago, azaroaren 13an, Berriak goiko alderdi bereko kide Ramon Etxezarretaren Oroimenetan lekuak lekuko artikulua zekarren. Hainbat indarkeria gertaeren lekuak oroitzen zituen. Azken esaldia: “Ez da hemen bukatzen nire memoria, osatzen ari naiz, baina mapak eta lekuak mugitu egiten zaizkit, lausotu, turbiatu”. Inkomunikazioa definizioz lausoa den arren, nire memoria ez da hasierako lerroetan amaitzen. Konstituzio plazakoak ere ez zaizkit turbiatu. Polizia-etxera eraman orduko, Lagun liburu dendaz galdekatu ninduten. Hau da: kolpea-galdera-kolpea. Berdin zitzaien denda erasotua izan zen garaian 13-14 urteko nerabea izatea. Logika bakarra auzo berekoa nintzela zen. Zenbat gazte izan dira torturatuak logika horrenpean? Asko hitz egin da Ernest Lluch zenaren 1999ko mitin hartaz. Telebistan behin eta berriro ikusi ditugu egun hartako irudiak. Irudiek, ordea, ez dituzte euskal presoen eskubideen defentsan plazan bildutakoen aurka Ertzaintzak egindako hiru kargak jasotzen. Ondo gogoan dut oraindik, Hiritar Merezimenduaren Domina jaso berri duen Andresa Portugal lurrean nola kolpatu zuten. 83 urte zituen orduan eta bere semeak 18 zeramatzan preso. “Berreskuratutako kale eta enparantzez” jardun zen Lopez. 2007ko estropada egunean zelatan zegoen kalez jantzitako polizia bat “zelatatua” sentitu zen. Arma eskuan, tiroka zeharkatu zituen plazako ehun metroak. Lurrean geratu ziren bala-azalak “justifikatu” beharraren beharrez, espetxean dauzkate Mikel eta Asier bina urteko zigorra betetzen. Otsailean hasi da ofizialki, Lopezek-eta Bake eta Askatasun Kulturen Urtea deitu dutena. “Pasatutako izugarrikeriaren memoria” egin nahi omen dute, baina arma baten gisa erabiltzen ari dira memoria. Gainontzeko arma denak gertu dituztelarik erabili ere. Memoriaren beharrak berekin dakar aurretik kontatzearen beharra. Eta kontakizunak askotarikoak dira. Saizarbitoriak bizitza oso bat sartu zuen ehun metrotan. Errealitatea den plazan hiru ere kabitzen dira. Eta gehiago. Zer dio isiltzen denak isiltzen denean, kantatzen zuen Laboak.

