Elizak Parte Zaharreko bizilagun bat etxegabetu nahi du
60 urte baino gehiago bere familia bizi izan den etxetik bota nahi dute. Etxebizitza desegokia izatetik bizitzeko egokia izatera bihurtu zuten. Aurreko urteetan, amona eta aita arduratu izan dira, eta hauek hil ondoren, semea arduratu da.
2024tik dabil Eliza etxegabetzea gauzatu nahirik. Hasieratik, gazteak eta Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Elizaren ordezkaritzara jo dute aterabide bat aurkitzeko asmoz. Orain arte ez dute ezer lortu.
Elizak, bitartean, turismoaren negozioan parte hartzen du: Grosen Zabaleta kalean Gotzaindegia zegoen lekuan hotela eraiki dute (Leonardo Boutique). Artzain Onaren katedralaren ondoan Villa Katalina hotela eraiki dute. San Martin komentuan Zenit luxuzko hotela egin dute. San Bartolome komentuan Catalonia luxuzko hotela egin dute. Salestarren komentuan Tay hotela eraikitzen ari dira. Grosen, Mariaren Bihotzean luxuzko hotela egingo dute.
50 milioi irabazi omen ditu Elizak. Badirudi Eliza ondo konpontzen dela mundu kapitalistan. Dena dela, guri dagokiguna da erabakitzea zer hiri eredu nahi dugun.
«Badirudi Eliza ondo konpontzen dela mundu kapitalistan. Guri dagokiguna da erabakitzea zer hiri eredu nahi dugun»
Etxegabetzeak gelditu eta hiri eredu kapitalistaren aurka borrokatu ordez, turistifikazioaren negozioan sartuta dago erabat hemengo Eliza. Eta garbi dago kapitalismoak ukitzen duen guztia merkantzia bihurtzen duela.
Egun hauetan aita santua guregandik hurbil ibili den honetan entzun diogu hitz egiten pobreen alde, migratzaileen alde, bada, argi dago bere jarraitzaileek ez diotela kasu handirik egiten. Izan ere, funts putreekin hartu-emanak nahiago dituzte.
Aita santuak estatura egin duen bidaian esan ditu zenbait gauza aurrerakoiak, esate baterako, etorkinen alde hitz egin du, baina, zenbait ideia atzerakoiak ere bai, esate baterako, eutanasiaren aurka, abortuaren aurka, irakaskuntza pribatuaren alde eta abar. Beraz, ideia aurrerakoiak eta atzerakoiak nahastu ditu.
Bakoitzak hartu dezala bere ustez onak diren ideiak eta utzi alde batera atzerakoiak eta onargarriak ez direnak. Baldin eta behintzat aintzakotzat hartu nahi baditugu bere esanak.

