Elkarrekin egiten dugun hori
Azaroaren 12an Naziometroaren V. Jardunaldiak egin ditugu Donostian, Euskal nazioaren kontzientzia: gaurko eta biharko erronka berriak lelopean. Bost urte daramatzagu Euskal Herriko herritarren iritziak eta pertzepzioak aztertzen, eta neurketek aukera ematen digute gure buruari begiratzeko.
Nazio kontzientzia ez da berez mantentzen den zerbait. Ez da behin jasotako balio multzo bat, belaunaldiz belaunaldi bere horretan transmititzen dena. Egunerokoan egiten ditugun jarduerek, keinuek eta hautu kolektiboek definitzen gaituzte: garen hori elikatzen dute eta, aldi berean, beste errealitate batzuekiko bereizten gaituzte. Nazio baten eraikuntza sozial eta politikoa, beraz, etengabeko prozesua da. Eraiki egiten da eguneroko harremanetan, hizkuntzan, komunikabideetan, kulturan, hezkuntzan, lan munduan eta komunitatean.
«Nazio kontzientziaren inguruko eztabaidak berebiziko garrantzia hartzen du. Ez da soilik nor garen galdetzea; elkarrekin zer eraikitzeko gai garen aztertzea ere bada»
Baldintza materialak behar ditu bizirik irauteko. Nola sentituko da gazte bat herri honen parte, bertan bizitzeko aukerarik ez badu? Nola transmitituko dugu euskaraz bizitzeko nahia, euskara normalizatuta ez badago? Nola eraikiko dugu komunitatea, indibidualizazioak eta prekaritateak harremanak ahultzen badituzte? Horregatik, nazio kontzientziaren eztabaida ezin da hizkuntza politiketatik, etxebizitzatik, zaintzatik, hezkuntzatik edo lan baldintzetatik bereizi.
Burujabetza ere ez da soilik estatus juridiko edo instituzional baten auzia: gure bizitza kolektiboa antolatzeko eta erabakitzeko gaitasuna da. Testuinguru horretan, nazio kontzientziaren inguruko eztabaidak berebiziko garrantzia hartzen du. Ez da soilik nor garen galdetzea; elkarrekin zer eraikitzeko gai garen aztertzea ere bada. Nola artikulatu behar dugu euskal nazio kontzientzia lurralde administratiboki zatitu honetan? Nola sortu erreferente eta esperientzia kolektibo partekatuak? Nola egin Euskal Herria gaurko eta biharko belaunaldien bizitza proiektuaren parte?
Azken batean, nazio kontzientzia ez da inkesta batean neurtzen den sentimendu hutsa. Egunerokoan elikatzen den atxikimendua da, elkarrekin eraikitzen dugun komunitatea eta etorkizun partekatu bat irudikatzeko gaitasuna.

