Elkartu gara eta antolatuak gaude
Borroka, elkartasuna, indarra… hainbat hitz etortzen zaizkit burura sortzen ari garen talde berria deskribatzeko esaten didatenean. Pentsatzen hasita, aspalditik militatu izan dut gazte mugimenduetan, talde feministetan, espazio ez-mistoetan… baina sortzen ari garena hain da handia. Aspalditik borrokatu izan dut hainbat mugimendutan gazte gisa nituen eskubideen alde, eta nola ez, neska* gisa zapaltzen nauen sistema honen aurka. Baina bi subjektu hauek elkartu eta subjektu «berri» honen parte izan eta izaera horrekin nire burua identifikatzea sekulako jauzia izan da.
Sortu dugun espazio honek hainbat gauza eskaini dizkit egunerokotasunean. Erlazionatu naiz Donostiako mugimendu feministan dabiltzan beste hainbat kolektibo eta kolektibo horietako militante feministekin. Gogoan dut Arbizun elkartu ginenekoa, edo asteburua Lizarran Neska* Gazteok Topa lelopean pasatako egunak; baina egun horietan sentitutakoa gero modu batera edo bestera desagertu egiten zitzaidan Donostiara bueltatzen nintzenean, espazio horietan jasotako jakinduria guztia modu antolatu batean produzitzeko espaziorik ez genuelako.
Duela bi urte neska* gazteon subjektu propio baten beharra genuela azaleratu genuen Donostian eta horrekin batera berriro ere gure arteko saretzeari ekin genion. Argi dago gaur egun neska* gazteon lehen militantzia esparrua feminismoa dela eta hori harrigarria iruditzen zait.
Ez nuen inoiz pentsatu hainbeste kafe-bilerek, bilera formalek, lanegunek, buruhausteek horrela sentiaraziko nindutenik. Prozesu honetan zehar egin dugu negar, barre eta algara ugari elkarrekin, eta emozio horiek guztiek ere sortu dute gaur egun naizena. Aurreko larunbatean, Intziri Neska* Taldearen aurkezpena egin genuen Intxaurrondoko Letaman gaztetxean: harrigarria izan zen Donostiako hainbat puntutako zenbat neska* gazte elkartu ginela ikustea, eta azaleratu zen Donostian Neska* Gazte talde baten beharra zegoela.
Sortu duguna izugarria izan da: sortu dugu talde bat, gune seguru bat, harremanak modu ezin hobean garatzeko espazio bat, militatzeko espazio ezin hobe bat, sortu dugu sekulako Donostiako Neska* Gazte taldea.
Hau gauza handi baten hasiera besterik ez da, eta hemendik dei egiten diet Donostiako Neska* Gazteei bide hontara batu daitezen, denok batera Euskal Herri feminista bat eraiki dezagun!