Emakume haiek
Joan den larunbatean ekitaldi hunkigarri batean izan ginen Donostiako Kursaalean, 1936ko estatu kolpe frankistaren ostean erbesteratu behar izan zuten neska-mutilak gogoratzeko. Nire ama horietako bat da. Ezin izan da bertaratu, baina bere biloba egon da, emakume haien hurrengo katebegia.
Nire aitona errepublikaren alde borrokatu zen, eta gerra amaitzean Argeles-le-Mer eta Gourseko kontzentrazio-esparruetan egon zen. Frontean zegoen bitartean, amak eta anaiek erbestera joan behar izan zuten. Donostiatik Bilbora, eta handik Frantziara itsasontziz. Familiak ezin izan zuen berriz elkartu gerra amaitu arte. Porrota zioten haiek.
Aitonaren, amaren eta osaba-izeben izenak hainbat dokumentutan agertzen dira, historialarien lanari esker. Baina erbesteko urte latz haietan eta ondorengo errepresio urteetan familia sostengatu zuena ez dago jasota inongo artxibotan. Emakume haien izenak ez dira aintzat hartzen, galdu egin ziren.
Ezin da galdu zor diegun errekonozimendua. Hona hemen izen bat: Victoria, nire amona.
Gure harremana ez zen erraza izan. Bera zaharra, ni nerabea. Baina bizitzaren igarobideak pasatu genituenean, aukera izan nuen hainbat orduz, egunez hura entzuteko. Ia ezin zen ohetik jaiki, baina urteetan berarentzat bakarrik gorde zituen istorioak kontatu zizkidan. Pribilegio hori izan nuen.
Victoria 1909an jaio zen, Madrilen. Bere aita, Rafael, tipografoa zen. Garai hartan tipografoak langile klaseko elitea ziren. Eta denak PSOEkoak eta UGT sindikatukoak: Rafael aitonak Madrildik alde egin behar izan zuen, jakin ezin izan ditugun arrazoiengatik, baina urte haietan egoera nola zegoen kontuan hartuta, pentsa dezakegu zein zen zergatia.
Frantzia zuen helmuga, baina Donostian geratu zen azkenean. Handik gutxira bere emaztea ekarri zuen, Paca birramona, eta bere lehen alaba, Victoria, gure amona.
Victoriak heziketa oso aurreratua izan zuen garai hartarako. Lizeo Frantsesera joan zen, zentro laiko batera. Eta asko irakurri zuen. Bere aitak hainbat egunkari jasotzen zituen, horien artean, jakina, El Socialista. Baina laster izan zituen begietako kataratak. Victoriak ozenki irakurtzen zizkion Madrildik zetozen egunkariak. Horrek amona Victoriaren memoria miresgarria ulertarazten dit.
Victoria hazi egin zen eta Izquierda Republicanako Joaquin militantearekin ezkondu zen. Gainontzekoa badakigu: gerra, erbestea, porrota eta isiltasuna. Kontatu zidan guztia eta ezagutu nuena ez da zutabe honetan sartzen. Granitozko emakumea izan zen, familiari eutsi zion, eta ez zuen inoiz bere burua aldarrikatu. Egin zuen guztia normala iruditzen zitzaion. Zuregatik doa, Victoria. Emakume guztiengatik doa.