Energia (eta II)
Astero, Euskadi Irratiko Ekosfera irratsaioan Guillermo Roa esatariak hainbat datu interesgarri ematen ditu. Zehazki, aurreko asteko egun bateko atmosferaren karbono dioxidoaren kontzentrazioa, eta aurreko urteko egun berekoarenarekin alderatzen du, aipatu parametroaren bilakaera ezagutzeko. Adibide gisa, 2025/03/23ko datua 429 p.p.m. (parte por millón) izan da, eta 2024/03/23koa, 426 zen. Hau da, urtebeteko epean, aireko CO2ren kontzentrazioa 3 p.p.m. hazi da. Astero, gauza bera gertatzen da, eta Roa jaunak dioen moduan, hori berri txarra da. Izan ere, gehitzen du, parametro horrekin kezkarik ez izateko, maila 280 p.p.m. ingurukoa izan beharko lukeela. Beraz, gaizki goaz. Bestalde, meteorologoek diote urtez urte gure planetaren tenperatura gora doala etengabe.
Datu horiek objektiboak dira, eta eztabaidarako tarte gutxi uzten dute. Atmosferan karbonoa pilatzen ari da, eta airea berotzen. Zaila da bi fenomeno horiek klima aldaketarekin ez lotzea.
Artikuluaren lehen zatian nioen moduan, bigarren atal honen helburua bi energia mota alderatzea da: erregai fosiletatik eratorriak, eta berriztagarriak. Hel diezaiodan, bada, lanari.
Erregai fosilen (ikatza, petrolioa, gasa…) alderdi onak izan litezke oraindik ugariak eta oso ezagunak direla, eta banatzeko azpiegiturak eginak daudela. Munta ertaineko kontuak, beraz. Beraien alderdi txarrak, aldiz, larriak dira: toki jakin batzuetatik eta bide luzean ekarri behar dira, horrela kutsaduraren arazoa areagotuz eta besteekiko menpekotasuna sortuz; airearen karbonizazioaren eragile behinenak dira, eta, sarreran ikusi moduan, hori ez zaigu batere komeni, eta garestiak izateaz gain, euren salneurrien gorabeherek ekonomiari ezegonkortasuna dakarkiote.
«Mendizale eta naturazaleok, energia berriztagarriak onartzean, pentsatu beharko genuke hori klima aldaketaren aurka guk egiten dugun ekarpena dela»
Energia berriztagarrien onurak argiak dira: ez dute airera karbonorik isurtzen, ez dute urrutitik ekarri beharreko lehengairik behar, ez dute inorekiko mendekotasunik sortzen, lehengaiak (ura, haizea, eguzkia…) doan ditugu, eta, gizakion bizi eskalan, agorrezinak dira. Alderdi txarrak lirateke paisaia itsustea, hainbat hegazti akabatzea, pista handiz eremu naturala zauritzea, landa eta mendi lur emankorrak hartzea… Aintzat hartzekoak badira ere, ez dira, nire aburuz, alderdi onen mailara iristen.
Aspaldiko ezagunak ditut Leitzako Kornieta eta Ezkurra aldeko Zuparrrobi mendietako haize errotak. Urtean bitan bisitatzen ditut —mendiak, ez errotak—, eta dagoeneko ohitu naiz erraldoi haiek han ikusten. Beste zereginetarako ere erabiltzen den pistatzarra kenduta, ez dute lur askorik hartu, eta haien azpian azienda, lehen bezala, lasai asko dabil larrean. Orobat, akabatutako hegaztien arrastorik ez dut behin ere ikusi.
Nahiagoko nuke, jakina, sorgailu eolikorik han ez egotea. Energia asko behar dugu, ordea, eta inork ez du energiaren kontsumo murrizketa aipatu ere egiten. Beraz, behar dugun energia sortzeko, aukera hoberik ezean, berriztagarrien alde azaltzea beste erremediorik ez daukat, mendizale izan arren. Mendizale eta naturazaleok energia berriztagarriak onartzean pentsatu beharko genuke hori klima aldaketaren aurka guk egiten dugun ekarpena dela, beste batzuek beren esparruetan egin behar izan duten moduan.
Bukatzeko, kontsolatzeko edo, gogoeta bat: maiz nozitzen ditugun haizete zakarrek, besteak beste, kalte handiak eragiten dituzte zuhaitzetan. Ondo legoke kalte ordainen bat haiei kentzea, adibidez, parke eolikoetan guretzat lanean jarrita.