Erdi ala Harri Aro?
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Nork ez du gogoratzen Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren irudia, Espainiako erregeen aurrean, makurtuta, dantzariak botatako txapela hartzen, segidan borbondarrei emateko? Ia hamar urte pasa dira orduz geroztik, Muskizeko Bahia de Bizkaia azpiegituraren inaugurazioan egindako aurresku esanguratsu hartatik. Bada, aste honetan irudi hori etorri zait burura; kasu honetan, Donostian izandako pasadizo baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak Abiadura Handiko Trenari buruzko jardunaldiak antolatu ditu egunotan Kursaalen, eta han izan dira hainbat agintari; Herri Lan eta Garraio sailburu eta sailburuorde Iñaki Arriola eta Ernesto Gasco, kasu. Arriolak AHTaren inguruko xehetasunak azaldu zizkien kazetariei jardunaldiak hasi aurretik, kongresu jauregiaren korridoreetan egindako agerraldian. Zutik, gabardina jantzita, Gascok estututa ikusiko zuen hor nonbait; izan ere, Arriola agerraldia egiten ari zen bitartean, bizkarretik inguratu eta berokia kendu zion zinegotzi donostiarrak, bere mandatu-mutila izango balitz bezala. Eta hala dela pentsatuko du Gascok, bere nagusia baita Arriola eta bera, haren menpeko. Erdi Aroko piramide sozialaren arabera, horrela beharko luke.
Aukeraketa egin behar izanez gero, agintariek begi onez ikusten duten Edi Aroaren eta, zenbait alderdik dioten moduan, Bilduk eta AHTaren aurkakoek eraman nahi gaituzten Harri Aroaren artean, azken hau nahiago nuke. Azken finean, hobeto biziko ginateke, lasaiago, gatazka politiko eta sozialetatik urrun, estatuen gehiegikeriei beldur izan gabe; azpiegiturak direla, lurralde inposaketa dela.


