Eszenatokia
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Baserritarra leihotik begira dago, ondoko baserriko baratzera begira, zeinen tomate argiak, zeinen arto-sail garaiak dituen inbidiaz begira. Eguna joan eta eguna etorri, leihotik begira dago baserritarra, ondoko baserriko baratzera begira; bereari belar txarrak kentzea ahaztuta, bereari urik bota gabe. Eta, uzta biltzeko garaia heltzen denean, inbidiaz begiratuko ditu ondoko baserritarraren saski beteak; eta penaz konparatuko ditu bere tomate ustelekin eta arto lehortuekin. Aurtengo Aste Nagusian Berri Txarrak eta Su ta Gar taldeak ariko dira Mala Rodriguez eta Melocos taldeen ordez. Udal berriak hartutako erabakia da, euskal taldeak sustatzeko. Albistea jakin orduko, kexuka hasi dira ingurukoak. Itxiak omen gara, itsuak, beti hemengoari begira bizi garenak, kalitatea kanpoan dagoela ahaztuta. Eta, une batez, aurtengo Sagueseko egitaraua errepasatzeari ekin diot: Marta Sanchez, Berri Txarrak, Muchachito Bombo Infierno, Def Con Dos, Billy Jeans, Su ta Gar, Esne Beltza, Zea Mays, Melendi eta Celtas Cortos. Lau euskal talde eta sei atzerriko. Itxia eta itsua, noski. Euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile sutsu gara guztiok, jaialdi erraldoiak iristen diren arte. Orduan kalitatea bilatu behar omen da, eta kalitatearen izenean kanpora begira jartzen gara. Akaso, inor ez da gogoratuko aurreko Aste Nagusietan euskal taldeek emandako kontzertuekin. Akaso, inor ez da gogoratuko Sagues euskaraz betetzea ere posible izan dela. Euskal taldeak bultzatu behar direla aldarrikatzen dugu, baina Bilbao BBK Live jaialdian zenbat euskara entzun da? Zenbat euskal taldek eduki dute Donostiako Aste Nagusian aritzeko aukera? Txarrak al dira? Eta, kanpora begira jartzen garenean, nora begiratzen dugu? Non dago kalitatea? Itxi eta itsu deitzen diguten horiek isilik geratzen baitira gazteleraz soilik mintzo den Aste Nagusiaren aurrean. Gustatzen zaizkigu jaialdi erraldoiak; Aste Nagusia nahi dugu, Jazzaldia nahi dugu, Zinemaldia nahi dugu. Eszenatoki erraldoi bat eraikitzen dugu gure herria munduan kokatzeko. Baina lotsatu egiten gaitu munduari gure hizkuntzan hitz egiteak, garena erakusteak. Ohartu gabe horrek egiten gaituela munduko. Agian, iritsi da gure baratzera begiratzeko garaia.

