Eta hemen gaude berriro, erlijioa eskolan
Otsailaren 3an hasiko da gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurrematrikulatzeko garaia, eta urtero bezala gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen erlijioan matrikulatzea. Iaz artikula bukatzen genuen esanez “askori idazki hau ezaguna egingo zaizue, urteak daramagulako lelo berarekin” eta zoritxarrez aurten ere berdin hasi behar dugu, gauzak ez baitdira batere aldatu. Eta, are okerrago, iaz Hezkuntzaren Euskal Lege berria onartu zen. Lege horrek hirugarren artikuluan, Euskal Hezkuntza Sistemaren printzipioei buruzkoan, hitzez hitz hau jasotzen du: “Gizarte-kohesioa, pluraltasunarekiko errespetua, eta pentsamendu- eta sinesmen-askatasuna, bai eta giza eskubideen eta aniztasunaren defentsaren bermea ere, laikotasun-printzipioaren esparruan.” Laikotasun-printzipio hori jaso arren, erlijioa irakasgaiaren tratamendua aurreko ikasturteetako bera da. Horregatik, betiko argudio berberak errepikatzen jarraitu behar dugu.
Hasteko gogoratu erlijioa eskola publikoan derrigorrez eskaini izan beharra Franco eta Suarezen herentzia dugula, batak 1953 izenpetu eta besteak 1979ean berretsi zuten konkordatuaren puntuetako bat delako (estatuak eliza katolikoa mantentzea bezala baino hori beste baterako utziko dugu). Egia da hauteskunde kanpaina gehienetan ezkerrak , PSOE barne, agindu digutela gobernua lortu bezain pronto ezabatuko dutela baino aldaketa bakarra da 1992 geroztik erlijio gehiago direla guztiok ordaintzen ditugun irakasleak izendatzeko aukera dutenak.
Legez onartuta dagoenez askok eskubide hitza erabiltzen dute egoera honetaz hitz egiteko. Baino soilik batzuen interesak babesten dituen legea, eskubidea ala pribilegioa da? Zeren momentu honetan 42000 erlijio inguru omen daude munduan eta horietatik soilik katoliko erromatarrak, hebrearrak, islama eta ebanjeliko hitzaren menpean hartzen den multzoa dira eskubide hori aurrera eraman dezaketenak beraz, orduan eta ugariago ditugun ortodoxoak, budista, neopagano edo katoliko maronitak ( bai Siriako gerra zibiletik ihes iritsitakoak) eskubide bariko pertsonak dira? Horri lotuta azken denboran ezkerretik entzun ditugu aldarrikapenak beste erlijioetako irakasleak kontratatzeko. Ez gaude ados, estatu laikoa lortzeko bide txarra da eskola publikoa erlijioko irakaslez betetzea.
1959an onartutako umeen eskubideen aldarrikapenaren 14. artikuluak “umearen pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasuna bermatuko da” dio. Guraso askok garbi daukate bere eskubidea dela bere umeen ideologia aukeratzea. Bi eskubide horiek talka egiten dute. Guk proposatuko genuke umeak bere kabuz pentsatzen hasten diren arte itxoitea baino horretarako pazientziarik ez duenak hor ditu sakristiak, medersak, sinagogak etab. Guk ez dugu umeen doktrinamendua ordaindu nahi.
Horri lotuta erlijioa da aukerazko gai bakarra haur eta lehen hezkuntzan, oraindik gazteegiak direnean inolako aburu propiorik izateko. Hortaz erlijioa ikasten dute gaztetxo horiek ikasturte bakoitzean 40 ordu inguru pasatzen dituzte bere gelatik kanpo eta hori talde kohesiorako eta harremanak sendotzeko ez da biderik onena.
Eskola guztiak ikastordu kopuru bera dute beraz erlijioa sartzeko beste nonbaitik kendu beharra dago. Erlijioko ikasleak ez zitezen okerrago prestatuak izan erabaki zen edozein mailatan eskola osoan ikasle bat bakarrak erlijioa aukeratzen bazuen besteak gai paralelo bat landuko zutela erlijiokoa galeran ez atzeratzeko. Hau da, batek beste guztiak baldintzatzen ditu. Beste alde inork ez badu aukeratu eskolan gaitegi arrunta lantzeko erabili zitekeen ordu hori baino horrek eskola arteko desberdintasunak sortu zituen. Zein izan zen administrazioaren irtenbidea? Ikasle orok eskola guztietan gai paraleloa landu behar dute, biologiaren kaltean.
Eta orok esaten dugunean, orok esan nahi dugu, ez bakarra haur eta lehen hezkuntza baita DBH eta batxilergoan. Aurten gure gazteak lehen aldiz USaP azterketa egingo dute (ulertzeko selektibitate berria) aurrekoek hainbeste ordu institutuan emanda baino 37 ordu gutxiago prestatuak.
«Erlijioen oinarria diren liburu sakratu guztiak zientziaren aurkakoak dira eta eskola publikoak beti zientziaren alde jokatu behar du»
Behin eta berriro entzundako argudioa da baita ere ikasleen heziketa etikoa. Etika filosofiaren adarra da eta beraz filosofiako irakasleari dagokio irakasketa teorikoa. Zenbait gaien aurrean umeen eta gazteen jarrerak lantzea guztion lana da, irakasle guztiena eta gizarte osoarena. Gainera erlijioak ez du etika irakasten baizik eta morala. Hau da etika hartu eta bere egokitzapena egiten dute, adibide etikak guztion berdintasuna aldarrikatzen badu, moralak guztiak berdinak onartzen du baino “batzuk besteak baino berdinagoak” direla garbi utziz. Adibiderik errazena oraindik gizon/emakume berdintasuna da. Zenbat emakume apaiz, iman edo errabino ezagutzen dituzue?
Kontuan hartu behar da baita ere erlijioen oinarria diren liburu sakratu guztiak zientziaren aurkakoak direla eta eskola publikoak beti zientziaren alde jokatu behar du. Gure pozerako orduan eta ume gutxiago matrikulatzen dira, ondorioz irakasle hauek ordutegiak osatzeko arazoak dituzte baino beste alde irakasle finkoak dira beraz soldata zuritzeko administrazioaren erabakia hauek beste gaietako klaseak ematea izan da baino kontuan hartu behar finkoak direla gotzainen onespena duten bitartean, beraz zer irakatsiko du geografia irakastea egokitu zaion erlijiokoak, mendiak diren bezalakoak direla Jainkoak horrela diseinatu zituelako edo higidura, garraioa eta jalkitze moduak?
Erlijioko irakasleak mantentzen 700 miloi euro urteko kostatzen zaigu. 700 miloi gu guztion zergetatik ateratzen dena zeren kontratatuak izateko gotzainen (edo auskalo noren) onespena behar badute ere soldata tokian-tokiko gobernu autonomoko hezkuntza sailak ordaintzen du. Ziur badaudela premia larriagoak umeak doktrinatzeko ordaintzea baino.
Eta urteetan barrenak jaten ari zaigun zalantza bat adierazi nahi dugu. Katoliko-erromatarrak gotzainen onespena behar dute eta bere web-orrian idatziak dituzte bete behar diren baldintzak, baino zeinek erabakitzen du nor izango den irakasle beste erlijioetan?
Gustatuko litzaiguke agur eta ondo izan esanez amaitzea baino errealistak izango gara “datorren urte arte” esanez amaituko dugu.
Euskal eskola laikoa, orain!