Eta orain, norantz
Ramon Labaien, idazlea
Maiatzak 2 eta Madrilekoak, orain 203 urte izan zuten borrokaldia ospatzen, urtero bezala. Frantziarren aurkako borrokaldia, eta frentsesen alde zetozen espainiarren aurkakoa ere bai; baina talde horretakoak, gerra galdu zutela ikusita, ez dira aipatzen. Gaur egun, alde batekoak eta bestekoak, bat eginik, gure aurka, Euskalerriaren aurka, dabiltza; eta nolako sasoiarekin… Galde diezaiotela Bildu koalizioari, behien eta berriro, Espainiako Auzitegi Gorenean ilegalizatua. Zer egin behar duten politikoki beatifikatuak izateko, Jaunak daki, baldin badaki… Errazagoa izan da Joan Paulo II.arena. Deskuidatu eta hurrengoa Berlusconirena… Han zebilen alproja internazional hori, erdi santu bihurtua, Vatikanoko kardinaleen artean. Tipo benetan argia, hauteskundeak irabazteko, sexua duela bere ezkerrean, eta erlijioa, eskuinean. Bilduren kasuan, azken itxaropena Auzitegi Konstituzionalean jarria omen dute. Spiro, spero zioten erromatarrek. Arnasa dudan bitartean itxaropena ere bai. Ez dirudi erraza Konstituzionaleko epaileek Gorenekoei aurka egiteko kemena eta borondatea izatea. Azken finean, alde batetik, denak aska berekoak dira; eta, bestetik, hor daukate Espainiako gehiengoaren iritzi publikoa, Bilduren ilegalizazioa ospatzeko prest. Hauteskundeak atarian dauzkagula, behin eta berriro galde liteke nolako legitimitatea izan dezaketen beraien emaitzek, Bildu bazterrean, parte hartu gabe mantentzen badute. bai Foru Aldundietan, bai Udaletan sartuko zaien usai txarra ez dute erraz uxatuko. Pentsa liteke eztabaidaren bat izango dutela ezker abertzalearen barnean. ETA etika aparte, oztopo anakroniko bihurtu dela pentsatzen duen gehiengoak batetik; eta desesperatuak bestetik, ETArik gabe Madrilekoekin karrera egiterik ez dagoela uste dutenak. Amodioan eta gerlan, dena izango litzatekeelako zuzenbide… Galdera izanik, kasurik okerrenean, nolako erantzuna eman behar dion Euskalerriak Madriletik datorkigun indarkeriari. Abstentzioa, eta gure nazioa belauniko, etsaiaren eskuetan utzi, Europa osoak ikus dezan hemen gertatzen ari den herri baten zapaltzea? Edo hauteskundeetan parte hartu, esperoan noizbait, ezker abertzalearen legalizazioa onartu beharko dutela? Eta azken, boto abertzale guztiekin multzo bat egitea, “kontaminatuen” multzoa, alderdien arteko iskanbilak baztertuz? Herriak nahiko lukeena, segur aski, baina alternatiba guztien artean zailena lortzen. Ez al dugu ikusi, aurten ere, Aberri Egunak ez duela gainditu alderdien maila? Norantz goaz, erdi itsu bihurtuak?

