ETB1. Kalera bere defentsan
Ramon Labaien, idazlea
Helbururik ez zaigu falta gaur egun Euskal Herrian. Guztien artean, ordea, eta dudarik gabe, lehentasuna duena, Ajuria Eneako “okupa” taldea hurrengo hauteskundeetan zirt zart uxatzea. Eta hori lortzeko beharrezkoak, batetik, euskaldun abertzale guztiok onartuko genukeen lehendakari hautagai bat; eusko nazioaren zerbitzaria izango dena, eta ez Madrilekoena. Eta bestetik, lau urtetan behin, gure herri honen seme jatorrak bat egiteko gauza garela azaltzea. Alderdi politikoak tresna direla eta gizarte abertzalea bultzagile. Itsuak ez bagara bihurtu, argi dago, gure etsai diren horiek zertan dabiltzan. Zomorro zomorro gure izaera urtzen, gure nortasun berezia espainol huts bihurtzen. Azken 30 urteetan izerditu diren ekintzak apurtzen. Hor duzue, zertan dabiltzan gure EITBrekin. Gipuzkoako egunkari batean azaldu dutenez, plangintza prestatu omen dute: Langile kopuru zabal bat kalera bota Miramon zaharreko instalazioak giltzapean jarri… Hitz batean, orain arte gaizki egiten ari zirenak, lotsa galduz, okertzen. Gure ETB1! Sortu genuenean ez zen aurrekonturik erakutsi, argi utziz beharrezko diru kopuruak gastatuko zirela telebista euskaldun bat sortzen, euskararen defentsarako arma nagusietako bat zelako. Gure ETB 1, gaur egun, gero eta gutxiago gurea dena. Kalera ez bagara ateratzen bere defentsan, ez dugu barkamenik merezi. Urgell eta Suriok osatzen duten bikotea. Ezgaiak omen dira. Gauzak txukun egiten, dudarik gabe, bai. Apurtzen, ordea, benetan trebeak. Noizbait, egiten ari direnen erantzunak exijituko ote zaizkie. Euskara, euskararen aurka, abertzaletasunaren aurka erabiltzen. Euskaldun jendea ez gara, ordea, zozoa; eta gainera, gehienetan sudur luzeak. Bestetik, gauzak beti bezala: Krisialdia, langabezia, gaztediak ez duela etorkizunik ikusten… Hainbeste denda, bata bestearen atzean ateak ixten. Itxaropena galdu gabe, tristura giroan. Une larriak ere, boterean dauden politikarientzat, ez direlako gauza miseriari erantzunik emateko. Eta larriak ere egunak oposiziokoentzat, proposatzen dituzten mirarietan, gutxi direlako sinesten dutenak. Abuztua joan zaigu. Donostiako festak, diotenez, dotoreak. Goi mailakoak batetik, herrikoiak, bestetik. Han eta hemen pittin bat arloteak ere bai, eta hori ez zaigu komeni. Eta orain, gure nazioarteko Zinemaldia. “Izarrik” gabe nahi omen lukete udaletxeko batzuek. Gaur egun, ordea, “konstelazio” batez inguraturik bizi gara. Festa ez da festa “izarrik” gabe. Futbolean, kirol eta arte guztietan. Eta Donostiako Zinemaldian. Kontuan hartu beharrekoa den zerbait Donostiak duen festa xarmangarrienetako bat apurtu nahi ez bada. Urgell eta Suriorekin nahikoa dugu.