Etika politikoaz
“No es pot debatre amb qui no vol ser convençut” (ezin da eztabaidatu konbentzitua izan nahi ez duenarekin). Horrela zioen duela egun batzuk Herrialde Katalanetako Arran gazte antolakundeak igorri zuen komunikatuak, eztabaida politikoa blokeatu, bertako militante komunisten aurkako kanpainak egin eta kanporatu ostean. Esaldi guztiz paradigmatikoa da, ezker erreformistaren jarrera etiko eta militantea adierazten duena.
Euskal Herrian Ezker Abertzalean ere oso presente dago jarrera hori, azken gertakari ugariek berresten duten moduan. Poliziaren kasuan, Ernaik «egin zaitez artzain, ez ertzain» dioen bitartean, EH Bilduk ertzainak festetan onar daitezen adierazpena kaleratzen du Mutrikun, eta Sortuk Ertzaintza demokratiko bat galdegiten du. Maniobra hauek, esparru soziologiko ezberdinak pozik edukitzeko saiakerak dira, espazio gazte erradikalenak, espazio demokratenekin batzeko saiakera. Eta klase ertainaren mesedera eraikitako programa politiko zabal eta plurala helburu dutenentzat, gazte belaunaldi berrietatik datorren militantzia komunista arazo serio bihurtu delako sentsazioa daukat.
Itotze ekonomikoa, militanteen kontrako intoxikazioa, difamazioa, egiarekiko konpromiso falta absolutua, eztabaidarako jarrera eza eta ziklo elektoralen araberako kanpainak dira Ezker Abertzalearen ikurrak egun. Kezkagarria bezain arriskutsua da darabilen kultura politikoa, ezintasun politikoari emandako erantzuna.
Komunistak matxistak eta espainolistak omen, eta Sortuko zuzendaritzaren ahotan ere erreakzionarioak eta sektarioak. Adierazpen horien maila ikusgarriaz haratago, zein da hemen sektarioa? Txosnetan beto politikoa aplikatzen duena eta «Herri Mugimendu zabala» komunistarik gabe ulertzen duena? Ba al dago erraietatik mundua aldatu nahi duen belaunaldi berriari erreakzionario deitzea baino jarrera erreakzionarioagorik? Edo Espainiako Estatuak baimentzen dioten aurrekontu politiko eta ekonomikoen menpe dagoenak besteei espainolismoa leporatzea baino gauza hipokritagorik?
Donostiako eta Egiako hainbat bizilagunek ere jasan dute harrokeria ariketa hau. Haiek bezala pentsatzen ez duen horren konpromiso militantea zalantzan jarri, «Herri Mugimenduaren» izenean ustelkeria politikoz jokatu eta militante komunisten gaineko gezur eta intoxikazioetatik eraikitako seinalamendu indibidualak egin dira.
Zaharrak berri Donostian, Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan. Sozialdemokraziaren urduritasuna nabaria da lurralde ezberdinetan. Zorionez, ez da nahikoa izan programa komunista geldiarazteko, eta berau lehen lerroan jarri nahi duten militante zein jarraitzaileak gero eta gehiago dira. Eta, bai, herrialde ezberdinetatik datoz.