Etorkizune(ra)ko herentziak
Pasa den astean Whatsappeko notifikazio batek nerabezarora eraman ninduen, eta horrekin, hasiera atsegin batera. Goxotasunez eta melankoliaz jositako argazki bilduma jaso nuen, 18 urte nitueneko bikote ohiak bidalita, lehenengo maitasuna izango zenak. Antza, bere arrebak, errebelatzera eraman zituen etxean gordeta eta hautsez beteta zituen karrete zahar batzuk.
Hamaika urte pasatu dira ordutik. Ez dira gutxi. Ilea luzea eta argitsua nuen —hondar lehorraren kolorekoa— eta azalak ez zuen tinta beltzaren arrastorik, ez pistarik. Argazkietan Ultzamako etxean gaude, eta, X, nire familiarekin eta lagunekin agertzen da. Ni ondoan, irribarrez, keinu inozentea eta leuna aurpegian garrasika daramat, denek ikus zezaten nire miresmena.
Eta zein politak diren ahaztuak ditugun uneak, haien bueltarik espero ez dugunean. Oroitzapenak bihotzetik pasatzen dira berriz gurera bueltatzen diren bakoitzean, Idoia Asurmendik bere kantetan azaltzen duen moduan. Batzuk ilunak eta mingarriak dira, bizitzak eta gure bizipenek badituztelako haien itzal propioak; baina, aldiz, beste batzuetan, lehenengo bizipen horiek etorkizunean izango ditugun herentzia hoberena dira.
«Lehenengo asko eta asko dira. Eta ez dira hemen amaitu. Lehenengoak dira bizitzaren hasieran daudenak eta hauek dira gure herentzia»
Gure bizi esperientzia honelakoxea da: haur eskola, DBH 1era saltoa, lehendabiziko gaua lagun baten etxean lotan, lehenengo kafea esnearekin eta zerbeza limoiarekin, menarkia —lehenengo hilekoa—, lehenengo orgasmoa, lehenengo orgasmoa norbaitekin, lehenengo eguna irlara igerian eta urteko lehenengo bainua, baita ere. Lehenengo gaua etxetik kanpo bizitzen, lehenengo bidaia bakarrik, lehenengo eguna gidabaimenik gabe kotxea gidatzen, lehenengo eguna kotxeko gidabaimenarekin legalki gidatzen, lehenengo zigarroa, lehenengo terapia saioa, lehenengo muxu bolleroa. Lehenengo eguna Irutxuloko Hitza-n kazetari lanetan.
Lehenengo asko eta asko dira. Eta ez dira hemen amaitu. Lehenengoak dira bizitzaren hasieran daudenak eta hauek dira gure herentzia preziatuena. Baina hainbat lehenengo geratzen dira egiteko. Aurrera, ba.