'Amb l’Emili i el Miquel'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Aste honetako Futbologia idazteari begira maisu-jokaldi bikain bat egitea pentsatuta neukan: zutabea partida jokatu aurretik idaztea. Zertarako? Ba Espainiako Liga bipolar honen miseriak are ageriago uzteko eta -zergatik ukatu- genero literario-futbolistiko berri bat asmatzeko: «Etxanizen aurre-kronikak». Nire Futbologiaren tesia -liga honetan berdin du zer egiten duzun, badira partida batzuk zelairatu aurretik galduta daudenak- nahikoa argi neukan arren, plan arriskutsua zela onartu behar dut. Gehien bat, bi ziren arriskuak: bata, ekintzaren beraren sinesgarritasuna eta bestea partidaren emaitza. Bigarrenak ez ninduen kezkatzen, kanpoko taldeek launa gol eraman ohi baitituzte Nou Camp-etik opari. Lehenengoa, ordea, zailagoa zen konpontzen. Xabi Vazquezi proposatu behar nion lekukoarena egitea -mesede batzuk zor dizkit eta ordaintzen hasteko modua izan zitekeen- baina ez nuen denborarik izan. Izan ere, astelehen gauean Emilik deitu baitzidan. Ea joan nahi ote nuen Nou Camp-era Reala ikustera. Amb l’Emili i el Miquel. Asteartean baiezkoa eman nion. Asteazkenean erotu nintzen joateko modua aurkitzen. Ostegunean erosi nituen bidaia txartelak. Eta ostiralean abiatu nintzen Bartzelonarantz. Ahaztuta neukan zer zen partida bat sufritu gabe ikustea. Ahaztuta neukan futbola barrez ikustea zer zen. Jokoa beharrean harmailak aztertu nituen. Beraien golek ez zidaten minik egin eta gureak itxaropenerako baino ondokoak zirikatzeko balio izan zuen. Bufanda astindu nuen Anoetan inoiz egin ez dudan bezala. Eta hiru aukera garbi izan genituela egia bada ere, berdinketa gehiegizkoa izango zen. Eta badakizue, bizitzari ez zaio gehiegi eskatu behar, zer gerta ere. Ia ohartu gabe igande arratsaldean autobusean nengoen eserita eta ia ohartu gabe Futbologia honen bukaerara iritsi naiz. Ez dut aurre-kronikarik idatzi baina hori gutxienekoa da. Garrantzitsuena, benetan garrantzitsuena, futbol partida batek urruneko lagunak elkartu zituela da. Horrela beharko luke beti.
